Arteaga II.ak Ander Imazekin egingo du bikote Promozioko binakako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 27a

Promozioko binakako txapelketaren egutegia publiko egin du Asegarce enpresak. Etxe horretako pilotari den Arteaga II.a herritarrak Ander Imaz oiartzuarrarekin egingo du bikote. Otsailaren 12an hasiko da txapelketa; Arteaga II.ak eta Imazek 14an jokatuko dute lehenengo partidua, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Tainta eta Iturriaga izango dituzte aurkari.

Bost partidu eta itzuli bakarreko ligaxka eta enpresa bakoitzeko (Asegarce eta Aspe) hiru pilotari bikote. Horiek dira 2016ko Promozioko binakako txapelketako zifrak. Asegarcek gaur egin du publiko egutegia: otsailaren 12an hasiko da txapelketa. Bertan aritzeko hautatutako pilotarietako bat da Arteaga II lasarteoriatarra. Ander Imaz oiartzuarrarekin egingo du bikote; otsailaren 14an jokatuko dute lehenengo partidua, Iruñeko Labrit pilotalekuan, Tainta eta Iturriagaren kontra.

Asegarceren bikoteak Arteaga II - Imaz, Agirre - Larunbe eta Tainta - Iturriaga dira. Asperenak berriz, Elordi - Irusta, Mendizabal II - Erostarbe eta Dario - Tolosa. 

Final handia, apirilean

Lehenengo faseko bost partiduak amaitu ostean, lau bikote sailkatuko dira finalaurrekoak jokatzeko. Martxoaren 20an jokatuko dute erronda hori. Final handia apirilaren 2an izango da.

Arestian aipatu lez, Arteaga II.ak eta Imazek Iruñeko Labriten ekingo diote txapelketari Tainta eta Iturriagaren aurka, otsailaren 14an. Bigarrenean Mendizabal II.a eta Erostarberen aurka neurtuko dituzte indarrak Irungo Uranzu pilotalekuan, otsailaren 19an. Hirugarrena 28an jokatuko du bikote gazteak, Elordi eta Irustaren kontra. Zehazteke dago oraindik frontoia.

Martxoan jokatuko dituzte fase horretako azken bi norgehiagokak. Dario eta Tolosa izango dituzte aurkari 6an eta, azkenik, Agirre eta Larunbe 13an. Pilotalekuak zehazteke daude oraindik.