Inauteriak kultur eskaintzaren ardatz

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urt. 28a, 13:37

Datorren hilabetean egingo diren kultur ekintzak aurkeztu ditu Udalak. Inauteriak dira ardatza, baina zinemarekin, musikarekin eta antzerkiarekin ere gozatzeko aukera egongo da. Gainera, Lasarte-Oriak 30 urte beteko ditu udalerri bezala osatu zenetik, eta hori ospatzeko ekitaldi berezia egingo dute hilaren 13an Julian Sagardiak bildutako argazkiak erakutsiz Zero Sette Akordeoi orkestraren laguntzaz.

Otsaileko kultur agenda aurkeztu du Udalak. Inauterietako asteburuak pisu handia izango du hilabete honetan, baina beste zenbait ekitaldi antolatu dituzte.

Zinema

Inauteriak hasi aurretik, hilaren 5ean, Okendo Zinema Taldearen eskutik zineforuma egongo da. ‘Grandma’ filmea eskainiko dute. 19an beste saio bat egiteko asmoa dute ‘La novia’ lanarekin.
Haurrentzako hiru filme proiektatuko dituzte hil honetan. ‘Carlitos y Snoopy’ 14ean, ‘The Snow Queen’ euskaraz 21ean eta ‘Alvin y las Ardillas’ 28an.

Helduentzako, aldiz, beste hiru botako dituzte: ‘La Quinta Ola’ 14ean, ‘La Novia’ 21ean eta ‘The Revenant (El Renacido)’ 28an.

Prezioak ohikoak izango dira. Umeentzako sesioek 3,80 euroko kosua dute eta helduentzakoak eta zineforumak 5,50 eurokoa.

Itsaspeko Zinemako Nazioarteko Zikloa

Donostiako Itsaspeko Zinemako Nazioarteko Ziloaren barnean hainbat lan proiektatuko dituzte Lasarte-Orian Danok Kide guraso elkarteak antolatuta; hilaren 8an, 15ean eta 22an.

Horien artean David Sanchez Carretero lasarteoriatarraren ‘Kantauri itsasoan urpekaritza egiteko arrazoiak’ film laburra eskainiko dute.

Txanogorritxo

Herriko haurrek ‘Txanogorritxo’ ipuin ezagunaren moldaketa batekin gozatu ahal izango dute otsailaren 20an. Glu glu antzerki taldearen eskutik dator, eta Galder Perez da zuzendaria.

Musika

Ostegun gizenean Udal Musika Eskolak kontzertu bufoa eskainiko du. 26an Musika Topaketekin jarraituz, kontzertua egingo dute Brigitarren komentuan. Hurrengo egunean opera proiekzio digitala emango dute kultur etxean. Puccini konpositorearen obretako zatiak eskainiko dituzte oraingoan.

Lasarte-Oriak 30 urte

Lasarte-Oria udalerri gisa osatu zenetik 30 urte beteko dira otsailaren 15ean. Hori ospatzeko 13an Julian Sagardia herritarrak jasotako argazki bilduma erakutsiko dute, ‘Lasarte, 1986ko otsailaren 15a’ izenez. Zero Sette Akordeoi orkestrak lagunduta ‘Gogoratzen duguna gara’ diaporama ere proiektatuko dute.

Inauteriak

Konpartsekin batera, hurrengo astean egingo du Inauterien aurkezpena Udalak. Egitaraua jakitera eman zuen atzo.

Larunbatean, bazkaldu aurretik, sagardo barrikotea izango da Okendo plazan, eta pintxo-potea ondoren Oaintxe In Deu txarangak lagunduta. Karrozen eta mozorroen lehiaketa ere egingo da.

Tripak ondo bete ondoren, bingoarekin zortea frogatzeko aukera izango dute herritarrek. Konpartsek desfilea hasiko dute arratsaldeko 17:00etan. Bukatzean, txokolatada izango dute zain. 19:00tatik aurrera dantza egin ahal izango da Bide Batez erromeriarekin. Gaua, berriz, DJ Jotatxok girotuko du.