Hainbat herritarrek hartuko dute parte Irisasi BTT proban igandean, Andatzan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urt. 28a, 17:56
Urtarrileko azken igandea izaki, 'Irisasi BTT Hotzak Akabatzen' proba jokatuko da aurtengoan ere, Andatza mendian barrena. Hainbat lasarteoriatar egongo dira Usurbilgo frontoiko irteera-lerroan, igandean, 9:30ean. Bihar gauean amaituko da izena emateko epea.

Mendi-bizikleta zaleek hitzordu berezia dute igande honetan. Usurbilgo frontoitik irtenda, Andatza mendian barrena ibiliko dira 300 parte-hartzaile baino gehiago. Herrikoak izango dira horietako batzuk; 35, zehazki. 'Irisasi BTT Hotzak Akabatzen' probaren edizio berri batean hartuko dute parte.

Izena eman ez dutenek oraindik badute aukera, antolatzaileek jakinarazi baitute bihar gauean amaituko dela epea. Federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta 18 federatuak ez direnek. Baten batek ezingo balu edo aukera horren berri izango ez balu, probaren egunean bertan apuntatu ahalko luke, 22 euro ordainduta. Gehienez 500 pertsonak hartu ahalko dute parte.

Parte-hartzaile guztiek kamiseta bat, sagardo botila bat eta poltsa bat jasoko dituzte opari. Lasterketa amaitzean hamarreko goxoa dastatu ahalko dute, eta opari gehiagoren zozketatan parte hartu. 

Bi ibilbide aukeran

Txirrindulariek bi distantzia edukiko dituzte aukeran, bakoitzak nahi duenaren arabera. Motzagoa izango da bat, 25-30 kilometroren bueltakoa, eta luzeagoa bestea, 40koa. Antolatzaileek ohartarazten dute azken orduko aldaketak egin ditzazketela ibilbidean, baldintza klimatologikoek hala eskatzen badute. 

Trabesia herrikoia izango da, denborarik hartu gabe; frontoitik irten eta bertan amaituko dute proba. Nahi izanez gero, bizikletak garbitzeko mangerak erabili ahalko dituzte parte-hartzaileek proba amaitu eta gero; Anbulategi ondoan kokatuko dituzte.