Kirolprobak liga irabazi du Raul Gomez Margallok, hirugarren aldiz segidan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urt. 28a, 13:58

2015 urtean lau lasterketa irabazi, hemezortzitan puntuatu eta 1.966,80 puntu poltsikoratuta, Kirolprobak liga irabazi du Raul Gomez Margallo herritarrak, hirugarren aldiz jarraian. Jose Gomez de Arribak eta Victor Madejonek osatu dute podioa.

Beste urte batez, sasoi bete-betean dela erakutsi du Raul Gomez Margallo lasterkari herritarrak. Hirugarrenez segidan, gizonezkoen Kirolprobak liga irabazi du. 2015. urteko hainbat lasterketa hartzen dituzte kontuan antolatzaileek, urtarrileko Errege Krosetik (Donostian jokatzen da) hasi eta Donostiako San Silvestrearekin amaituz. 

Hemezortzi probatan aritu da denera herritarra. Puntuatzerako orduan, sailkapenen arabera egiten dute puntuaketa antolatzaileek. Lasterkari bakoitzaren hamabi onenak hartzen dituzte kontutan; Gomez Margallok horietatik herenak irabazi ditu, lau denera. 1.966,80 puntu poltsikoratu ditu guztira. Jose Gomez de Arribak (1.905,86 puntu) eta Victor Madejonek 1.873,27) osatu dute podioa

Emakumezkoen kategorian, Miren Josune Bikuña oñatiarra igo da podioaren maila gorenera, 1.479,37 puntu zakuratuta, hamabi probatan baita ere. Mertxe Casas izan zen bigarrena 1.368,21 punturekin, eta Marta Badiola hirugarren 1.228,14 bilduta. Lasarteoriatarren artean, Arantxa Zapata izan da postu onena eskuratu duena, 1090,86 punturekin; 48. izan da sailkapen orokorrean.

Atzo egin zuten sari banaketa ekitaldia antolatzaileek, Donostiako Aquariumean. Aurtengoa seigarren edizioa izan da.

Ehun lasarteoriatarretik gora

Beste urte batez, ehundik gora herriko lasterkarik hartu dute parte Kirolprobak ligan, 135ek zehazki, erakutsiz kirol diziplina horrek baduela pisua Lasarte-Orian. Horietatik 111 gizonezkoak izan dira, eta 24 emakumezkoak.

Antolatzaileek hiru kategoriatan banatzen dituzte korrikalariak: seniorrak (1985etik aurrera jaiotakoak), beterano 1 (1971tik aurrera jaiotakoak) eta beterano 2 (1924az geroztik jaiotakoak). Banaketa hori berbera da bi sexuetako bakoitzarentzat.

Emakumeen kasuan, hiru senior kategorian aritu dira, hamahiru beterano 1 delakoan eta zortzi beterano 2 mailan. Gizonezkoetan, 21 senior, 65 beterano 1 eta 25 beterano 2.