Hartzaren esnatzea, xomorroak erretzea... hainbat dira eguna luzatzen hasi eta udaberria gerturatzen ari denaren simil gisa erabiltzen diren irudiak. Euskal Inauteriek kolore eta musika alaiekin ere esnatze hori dute oinarri. Euskal Herrian zehar hainbat lekuetan Euskal Inauteriek garrantzia handia dute. Gure herrian Euskal Inauterietako konpartsako antolatzaileek presentzia eta leku berezia izatea nahi dute eta horregatik, hainbat berrikuntza aurkeztu dituzte aurtengo hitzordurako.
Igande arratsaldean
Ttakun KE eta 'Plaza dantza' egitasmoa, Kukuka antzerki eta dantza eskola, Ttirriki Ttarraka eskola, Erketz EDT, Katxiporreta, musikoen taldea, Zubietako lagunak eta Udal ordezkariak izan ziren atzo arratsaldean Okendo plazan Euskal Inauterien egunaren berri ematen.
Arestian aipatu legez, berrikuntza asko dakar aurtengo Euskal Inauterietako konpartsak. Lehena egitarau murrizketari dagokio. Inauteri igandean, otsailaren 7an, aterako da konpartsa baina arratsaldera soilik mugatuko dira ekintzak.
Baina ez da hau berrikuntza bakarra. Izan ere, Nafarroako Iparraldean egiten den Zubieta Ituren joaldunen desfilea oinarri hartuta, Gipuzkoako Zubietatik-Lasarte-Oriara egingo baita desfilea.
Zubietarrei harrera zubian
Antolatzaileek azaldu modura, Euskal Inauterietako ekintzak Zubietako herriko plazan hasiko dira, arratsaldeko 16:00etan.
Dantza saio txiki batekin emango diote hasiera. Bertan muxiko, fandango eta arin-arin-ak dantzatzeko aukera izango da.
Behin gerrialdea astinduta, desfileari ekingo zaio. Musikoen doinuen erritmora Hipodromoko zubira arte hurbilduko da konpartsa.
Bertan, lasarteoriatarrak zain izango dira eta 'ongi etorri' dantza batekin harrera egingo diete. Jarraiki, zubietarrek beste dantza batekin erantzungo dute. 17:00ak aldera, guztiek bat eginik, txokolatada ospatuko dute.
Desfilea Lasarte-Oriako eremura mugitu baino lehen, senidetze dantza bat dantzatuko dute elkarrekin.
Okendon amaiera
Jarraian, 17:45ak aldera, Euskal Inauterietako konpartsak Lasarte-Oriako kaleetan barrena Inauterietako giroa hedatuko du.
Hipodromo etorbidetik Tajamarreko biribilgunera, Kale Nagusitik Arkupeko birilgunera. Bertan buelta eman eta berriro kale Nagusia hartuko da Okendo plazan amaitzeko.
18:30ean gutxigorabehera, herriko plazara iritsi eta urtero legez, erromeria ospatuko da Ttirriki Ttarraka eskolako lagunen eskutik
Suaren ekitaldiarekin emango zaio amaiera egitarauari eta Lasarte-Oriako Inauteri asteburuari.
Antolatzaileek herritarrei antolatutako ekitaldietara gerturatzeko gonbidapena luzatu nahi diete eta batez ere, otsailaren 7an, txantxoz jaztera animatu nahi dituzte.
Lanketa berezia
Hau guztiaz gain, hurrengo urtera begira Euskal Inauteria konpartsaren lanketa sakonagoa egin nahi dutela adierazi dute lan taldeko kideek.
Azken urteetan Euskal Inauterietako konpartsak izan duen bilakaeraren hausnarketa egin eta formatu aldaketa behar duela erabaki duteela ere aipatu dute antolatzaileek agerraldian.
“Euskal Inauteriak gaurkotu nahi ditugu, baina ideia tradizionalean oinarrituta. Horren guztiren hezurdura Lasarte-Oriako bizipenak izango dira, noski”, aurreratu dute.
Hala ere, taldeak egitasmoa aurrera eramateko herritarren laguntza behar duela argi du eta horregatik, nahi duten herritarrek lanketa parte ahartu dezaketela jakitera eman dute.
Aurtengo Euskal Inauterien ostean, lanketa taldearen bileren berri emango dutela aurreratu dute. Baina Ttakun Kultur elkartera hurbildu eta izena eman dezakete nahi dutenek, baita informazioa eskatu ere.