Aitor Anabitarte ACB ligako Minikoparako sailkatzeko fasean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 29a

ACB Ligako taldeen harrobietako gaztetxoek Coruñako Minikoparako sailkapen fasea jokatuko dute asteburu honetan, Zaragozan. Retabet Gipuzkoa Basket taldeak ere hartuko du parte bertan; Aitor Anabitarte herritarra da taldeko kideetako bat.

ACB saskibaloi ligako izarrek Kopa jokatuko dute Coruñan (Galizia), otsaileko lehen asteburuan. Harrobiko taldeetako gaztetxoek berriz, Minikopa; 2002 eta 2003. urteetan jaiotakoak ariko dira. Zortzi talde ariko dira txapelketa horretan, eta bik dagoeneko poltsikoan dituzte txartelak: Real Madrilek (aurreko urteko txapelduna izateagatik) eta Rio Natura Monbus Obradoirok (antolatzailea delako). 

Gainontzeko seiak asteburu honetako Zaragozako sailkapen-fasean lortu beharko dituzte gainontzeko hamasei taldeek. Besteak beste, Retabet Gipuzkoa Basketek. Harrobian talderik ez duenez, Gipuzkoako selekzioan aritzen diren hainbat jokalarirekin osatu du; Aitor Anabitarte herritarra da kideetako bat.

Konpetizio sistema

Lau taldeko beste hainbeste multzo daude. Horietako bakoitzeko lehen sailkatuek txartel bana eskuratuko dute. Beste biak eskuratzeko lehia bigarren sailkatuen artekoa izango da: lau taldetik bi joango dira Coruñako Minikopara.

Retabet Gipuzkoa Basket B multzoan dago. Unicaja, Catalana Occidente Manresa eta Movistar Estudiantes izango ditu aurkari. Larunbat goizean jokatuko du lehen partidua talde gipuzkoarrak, 10:45ean, Movistar Estudiantesen aurka. Bigarrena berriz, arratsaldeko lauetan, Manresaren kontra. Azkenik, lehen faseko hirugarrena igande goizean jokatuko dute, 9:00etan, Unicajaren aurka.