Indarra eta goxotasuna ostiral gauez

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 30a

Petti bakarlariak kontzertua eskaini zuen ostiral gauean Jalgi Kafe Antzokian. Bluesa eta rocka nahastu zituen Berako musikariak eta gerturatu ziren lasarteoriatarrek ederki gozatu zuten.

Bi erregistroak uztartu zituen Pettik. Batetik, goxo agertu zen, abesti geldoak eta melodia atseginak kantatuz. Bestetik, gitarraren laguntzaz, entzuleak elektrokutatu zituen bere ahots indartsuarekin. 

Jalgi Kafe Antzokira gerturatu ziren herritarrek Berako bakarlariaren ikuskizunarekin gozatu ahal izan zuten. Bere abestiak beste abeslari ospetsuen bertsioekin uztartu zituen.

'Xalbadorren Heriotza'-ren moldaketa berezia eskaini zuen kontzertuaren hasieran, besteak beste. Maiatzean Donostian izango dela baliatuz, Bruce Springsteen-en abesti batekin ere ausartu zen. Beste hainbatetan bezala, Jimi Hendrix gitarrajole handiak ezagutera emandako 'Hey Joe' kantaren bertsioak arrakasta izan zuen lasarteoriatarren artean.

Bere diskoetan euskal idazleen hitzak musikatu ditu Pettik. Harkaitz Cano lasarteoriatarrarenak abestu zituen, besteak beste, Jalgin.