Denboraldi honetan XXXIII. areto futbol txapelketan parte hartu nahi duten taldeek azkar ibili beharko dute, irailaren 10ean itxiko baitu Ostadar SKTk izena emateko epea.
Lehiatzeko asmoa eta interesa duten taldeek Ostadarren bulegora joan beharko dute izena ematera (Geltoki Kalea 25). 400 euro balio ditu izen-emateak, eta horrez gain beste 60 euro jarri beharko ditu talde bakoitzak berme gisara.
Antolatzaileek jakinarazi dute gehienez 18 taldeko multzo bat osatuko dutela, baina lehengo urtean 13k besterik parte hartu ez zutenez, jakinarazi dute euren helburua kopuru hori areagotzen saiatzea izango dela.
Ikusteke dago hortaz zein taldek hartuko duen El Punto tabernaren lekukoa aurtengo edizioan.
Taldeen egutegiak
Liga Nazionalean ariko da aurten ere Ostadar Antonio Aroztegia taldea, pasa den denboraldian mailari eustea lortu ostean. Urriko lehen asteburuan ekingo dio lehiaketari herriko taldeak, etxean, Elorrioko Buskantza taldearen aurka. Taldearen norgehiagoken egutegia esteka honetan kontsultatu daiteke.
Kategoria estreinatuko du aurten Cecilia Fruta Denda Ostadar taldeak, joan den denboraldian Gipuzkoako 2. mailara igotzea lortu ostean. Eurek ere etxean ekingo diote txapelketari, urriko lehen asteburuan, Anoeta FTren kontra. Euren partiden egutegia ere kontsulta daiteke jada.