Garaipen-zerrenda zabaltzen jarraitzen du Raul Gomez Margallo herriko korrikalariak. Abuztuaren 23an Ergobiko Krosean hartu zuen parte ('Bernardo Arzallusen oroimenezkoa' izenaz ere ezagutzen dena) eta irabaztea lortu zuen.
32 minutu eta 56 segundo behar izan zituen Gomez Margallok ia 10 kilometroko ibilbidea osatzeko. Gogotik izerditu behar izan zuen podiumeko lehen kaxoira igotzeko, herritarra iritsi eta hiru segundora sartu baitzen helmugara Ibai Alba hernaniarra. Podiuma Bartzelonako Carles Montllor Vegasek osatu zuen, 33 minutu eta 25 segundoko denborarekin.
Gomez Margalloz gain, beste zenbait herritarrek ere osatu zuten Ergobiko kroseko ibilbidea. Iñigo Valdiviak 31. postua eskuratu zuen, 39 minutu eta 39 segundoko denbora eginez. 66. izan zen Peio Fadrique; 46 minutu eta 26 segundotan geratu zuen kronometroa. Azkenik, Eduardo Mena 85. izan zen, 50 minutu eta 56 segundoko denborarekin.