Tonu fisiko egokia hartzeko, kontzeptu teknikoak lantzeko eta baloi zein saskiarekin berriro ohitzeko garaia izan ohi da aurredenboraldia. Funtsezkoak dira lan-saio horiek, denboraldi gogor bati aurre egiteko oinarriak horietan eskuratzen baitira. Hala ere, pisutsuak eta nekagarriak izan ohi dira askotan jokalarientzat. Badago biderik ordea errutina horretatik irteteko: lagunarteko partiduak.
Abuztuaren 17an hasi ziren entrenatzen Ostadarreko saskibaloi taldeak, eta asteburu honetan jokatuko dituzte lehenengo partiduak. Partizipaziozko Kadeteak izango dira jokatzen lehenak: Nafarroako Lagunak 'B' taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak Kiroldegian, 10:30ean. Errendimenduko Kadeteak izango dira hurrengoak; Lagunak 'A'-ren kontra ariko dira 12:30ean, kantxa berean.
Bihar goizean bakarrik ez, zaleek arratsaldean ere edukiko dute aukera saskibaloiaz gozatzeko Kiroldegian. Errendimenduko Juniorrek Donostiako CD Internacional taldearen aurka jokatuko dute Kiroldegian, 18:30ean.
Bi norgehiagoka irailaren 12an
Larunbat honetakoez gain, datorren astekorako ere bi partidu antolatu ditu Ostadar SKTk. Errendimenduko Juniorrek goizean zein arratsaldean jokatuko dute, Nafarroako Teresianas eta Bizkaiko La Salle taldeen kontra, hurrenez hurren. Goizeko hamar terdietan hasiko da lehenengo norgehiagoka eta arratsaldeko seietan bigarrena.
Endika Marrahi saskibaloi atalaren arduradunak azpimarratu du "ekintza eta erronka berriak lantzeko gogotsu" daudela jokalariak. Era berean, nabarmendu du Ostadar SKTk beste taldeekin dituen harremanak "Euskal Herri mailara" zabaltzen direla: "Lagunak eta Teresianas taldeak nafarrak dira, eta La Salle bizkaitarra. CD Internacional berriz, Donostiako Intxaurrondo auzokoa da".