Eskolara buelta hain gertu dagoen honetan, atzean utzitako oporraldia gogoan izango dute herriko haur eta gazteek.
Azken urteetan bezala, Ttakunek udalaren laguntzarekin, abuztuan txokoen egitasmoa izan du martxan.
Honetan, uztailean baino haur gutxiagok parte hartu arren, ez dute aspertzeko aukerarik izan. Izan ere, herriko festa guztiak errepasatu baitituzte hilabetean zehar.
Lehenengo egunean txupina jaurti eta San Joan sua egin zuten. Euskal Jaiak egun batzuetako lanketa ekarri zien gaztetxoei eta hauetan kantu jira, herri kirolak edota erromeria egin zituzten besteak beste. Zabaletako jaiak, San Pedroak, Karmenak, Santa Anako artisau azoka edota urte zaharra berriz ospatu zituzten eurekin aritu diren sei begiraleen laguntzaz.
Jaialdia gurasoekin
Azken egunean ere jaiak hartu zuen protagonismoa.
Hau bai, berezia. Gurasoak gonbidatu zituzten jaialdira eta bi dantza eskaintzeaz gain, haurrek prestatutako pintxo goxoak dastatu zituzten denek. Gurasoak ere dantzara animatu ziren.
Ekintza hau esaterako, “uztailean egitea ia ezinezkoa da haur bolumena askoz handiagoa delako. Talde txikiak beste aukera batzuk eskaintzen ditu”.
Horretaz gain, uztailekoek egin bezala, herritik atera dira eta hainbat irteera egin dituzte. Santueneara joan dira, Astigarragako igerilekura eta zaldian ibili dira. Aian gau bat pasa eta igerilekura ere joan ziren. Txikienek berriz, herriko igerilekuan, Zabaletan edota Monkey parkean izan dira.
Ederki pasa dute denek eta antolatzaileek ezin balantze positiboagoa egiten dute.