Omenaldi beroa Porrotxi

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 6a

Euskal Herri osoan barrena irribarreak eta maitasuna banatzen ibiltzen da Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx' pailazo ezaguna. Pasa den ostiralean ordea, maitasun, irri eta txalo horiek denak jasotzea egokitu zitzaion. Omenaldi beroa eskaini zioten herriko hainbat eragilek Dorre parkearen (ahateen parkea izenez ere ezaguna) parean dagoen plazatxoan.

Toki hori ez dute kasualitatez aukeratu; koloretsua da oso plazatxo horretako pareta, duela hilabete gutxi margotutakoa. Herriko haur eta gaztetxoak aritu ziren horma horri kolorea ematen, Porrotx eta Marimotots pailazoen laguntzarekin. 'Lasarte-Oria biziberritzen' egitasmoaren baitako Margoketa Egunean margotu zuten murala.

Aitortza hunkigarria

Hunkigarria izan zen oso ostiral goizeko aitortza, bihotzetik eginikoa. 'Maite zaitut' abesti ezagunak ireki zuen omenaldia: Xumela abesbatzak jarri zuen musika eta Kukukako dantzariek koreografia, ikuskizun polita osatuz. Inguruan zebiltzan herritarrak ere animatu ziren eta denek batera abesten bukatu zuten. 

Horren ostean, jendartetik Jon Maia eta Unai Muñoa bertsolariak irten ziren Porrotxen harridurarako. Esanahiz beteriko bertso bana abestu zuten. Txalo zaparrada ozenak entzun ziren bukaeran.

Bertsoen ostean herriko pailazoen errepertorioa primeran ezagutzen dutela erakutsi zuten, 'Epo i tai tai e' abestia interpretatuz. Dorre parke pareko plazatxora hurbildutako herritarrak ez ziren isilik geratu eta gogotik abestu eta dantzatu zuten.

Omenaldian zehar ezin izan zuen ia hitzik esan Porrotxek, ikaragarri hunkituta baitzegoen. 

Ekitaldia amaitutakoan ordea, eskerrak eman zizkien ekitaldira bertaratutako eragile eta norbanako guztiei. Ekitaldiari behar bezalako amaiera emateko, txalo zaparrada ozen eta luzea jaso zuen omenduak.