Bidegorri zati berria Atsobakarren

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 6a

Abuztuan, Lasarte-Oriako bidegorri sarea osatzeko beste pauso bat eman zen eta Garaikoetxea eskola eta Urbil merkatalguneko biribilgunea batu ziren.

Obra honi esker, Lasarte-Oriak 6,2 km-z osatutako bidegorri udal sarea du eta Oria ibaiko ardatza, Atsobakarreraino iristen dena, amaitu da. 

Lanak

Obra Construcciones Otegui y Gaztañaga S.L enpresari esleitu zitzaion 76.454 euroko aurrekontuarekin eta  hau burutzeko epea 6 astekoa izan da. Gipuzkoako Foru Aldunditik 32.856 euroko diru-laguntza izan du lanak. 

Bide-tarte berria, 200 metro luzekoa da, 2’20 metro zabalekoa eta noranzko bikoitzekoa. Espaloiaren paralelo doa, lehendik dagoen bidea aprobetxatuz.

Donostiarekin lotu

Udalak jakitera eman duenez, Donostia Mutrikurekin lotzen duen Gipuzkoako bizikleta-bideen sareko 2. ibilbidearekin lotuko da. “Luzuriaga enpresarainoko 235 metroko bide-tartea geratzen da baina obra hori aurki egitekoa du Aldundiak”.

Seinalizazioa hobetu

Eguzkiko eta Ekologistak Martxaneko kideen ustez, bidegorri-zati hau bide onean emandako urrats berri bat da. 

Baina “Foru eta udal bidegorriak oraindik lotuta ez daudenez, txirrindulariek ezin dute Lasarteko zentrora edo zentrotik bidegorrira joan modu eroso eta garbian. Arazo latza da Donostiatik datozen txirrindularientzat, are gehiago ingurua ondo ezagutzen ez badute”.

Horregatik, elkarteen ustez udalak eta Foru Aldundia seinalizazioa hobetzeko ados jartzea komeniko litzateke, “bidegorri-zatiak elkarren artean behar bezala lotu bitartean”.