Jantoki berria 2 eta 8 urte bitarteko ikasleei zuzendua Pablo Garaikoetxea eraikinaren alboan eraiki da.
Zurezko instalazioa da eta erabilera anitzekoa: solairu bakarreko bolumen bakar bat, kanpo-isolamenduz estalitako zur ijeztuko xaflen bitartez eraikia, eta zurezko listoiez estalia. Bi isurkiko teilatua du eta azalera eraiki osoak 260,52 m² hartu ditu.
Horietan, instalazio hauek jarri dira:
- 159,6 m²-ko jantoki bat, 150 haur sartzeko edukierarekin (baita 300 ere, bi txandatan).
- Sukalondoa, janaritegiarekin eta hondakin gelarekin: 37m.
- Ikasleentzako komunak
- Sukaldeko langile eta laguntzaileentzako aldagelak eta komunak.
Hamarkadetan udalak Lasarte-Oriako eskola-jantokiko zerbitzuak kudeatu ondoren, Landaberri Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak bere gain hartu zuen eskolako jantokia zuzenean kudeatzeko zeregina, 2012-2013 ikasturtean.
Instalazioak, ordea, ikastetxeetatik kanpo zeuden. Horregatik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Gipuzkoako Ordezkaritzaren bitartez, gurasoek eta ikastetxeko zuzendaritzak, aurreko udalbatzarekin, eskolan bertan kokatutako jantoki bat eraikitzea lehenetsi zuten, eskaera guztiari erantzuteko adina espazio izango zuena.
Hezkuntzatik azaldu dutenez, aurreko udalbatzak proiektua erredaktatzeko ardura hartu zuen, eta zimendua jartzeko lanak ere bere gain hartu zituen. Erakunde guztiak lankidetzan aritu dira eta proiektuaren jarraipena egin dute, jantokia ikasturte hasierarako prest egon dadin.
Eusko Jaurlaritzak uztailaren 2an esleitu zizkion lanak Construcciones Moyua S.L eraikuntza-enpresari, eta uztailaren 21ean hasi ziren lanak.
Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, ohar bidez, eskerrak eman nahi izan dizkie eragile guztiei, gurasoak, zuzendaritza eta aurreko udalbatza, “irtenbide onena bilatzen eta Lasarte-Oriako udalerrian askok eskatutako zerbitzu hori ezartzen emandako laguntzarengatik”.