Lehen puntuak, uztaileko udalbatzarren aktak, 2015 ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu diren dosierren berri ematea, Udaleko ondasun eta eskubideen 2014ko inbentarioan egindako aldakuntzak onestea eta 2014ko ekitaldiko aurrekontuaren kontu orokorraren dosierra onartzea era azkarrean aurrera atera ditu udalbatzarrak.
Puntu batean, Udaleko ondasun eta eskubideen 2014ko inbentarioan egindako aldakuntzaren onespenean, hain zuzen ere PPko zinegotziaren abstentzioa izan da.
Ostean, Bozeramaileen Batzarrak aurrez onartuta “PAH-Kaleratzeak STOP Desahucios”-ek aurkeztutako mozioa aurkeztu da, “Kaleratzeak bukatzea exijituz eta Udalaren kolaborazioa eskatuz hauek bertan behera gera daitezen”.
Honen bitartez, PAH-Kaleratzeak Stop plataformak Lasarte-Oriako Udalari kaleratzerik ez egoteko lan egitea eskatzen dio eta hainbat neurri har ditzan eskatu dio, hala nola, kaleratzeen aurka Udalean pertsona bat lanean egotea, kutxei kaleratzeak geratzeko eskatzea edo Udalaren esku dauden etxe libreen inbentarioa egin eta haien erabilera bermatzea. Zinegotzi guztiak mozioaren alde agertu dira.
Errefuxiatuen aterpe
Era berean, PSEE, EH Bildu eta Lasarte-Oriak Ahal du alderdiek “Lasarte-Oriako udalerria Siriako gerrako eta gatazkan diren beste herrialde batzuetako errefuxiatuen aterpetzaile deklaratzea”-ri buruzko adostutako mozioa aztertu da.
Alkateak azaldu duenez, PSEEk aurkeztutako mozioak emendakinak izan ditu bi alderdi hauenak eta beraz, hiru alderdiek adostutakoa aurkeztu da eta alderdi guztiek onetsi dute.
Honetan Lasarte-Oria herri aterpetzaile bezala eskaintzen da. Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundi eta EUDEL-i elkarlanean plan bat gauzatzea eskatzen dio, baita elkartasun sare bat sortzea ere.
Espainiako Gobernuari, berriz, malgutasuna eskatzen dio Europar Batasuneko erabakiak onartu eta asilo eskaerak onartzeko, baita egoera aurrera eramateko politika komun bat eta honen kudeaketa egitea ere. Eta gatazka amaitzean, errefuxiatuei bueltatzeko aukera emateko laguntzak haien eskura jartzea ere eskatzen da mozioan.
Galdera eta erreguen txanda ere izan da. Honetan alderdiek hainbat galdera luzatu dizkiote alkateari besteak beste, Atsobakar erresidentziaren eskumena eta langileen egoerari buruz, herrian agertu diren arratoiei buruz, Udalak RGI-a jasotzen duten herritarrei eskaintzen zaizkien lanpostuei buruz, Hipodromo etorbideko etxebizitzari buruz, Okendo plazako garajeei buruz edo herriko elkarteei lokalak lagatzeari buruz.
Alkateak azaldu duenez, Atsobakarreko kudeaketa azaroan Aldundiaren esku geratuko da, baina Udala eta Foru Aldundiaren artean ez dago hori ziurtatzen duen dokumenturik. Horregatik, Maite Peña Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako ardunadunarekin bilera egingo da prozesua zehazteko.
Langileei dagokionez, langile eta sindikatuek Aldundiarekin adostutako diru kopuru bat dela aipatu du, CLECE eta Udalak ez dutela diru hori zor eta arazoa dirua emateko prozeduran dagoela.
Arratoien arazoari aurre egin eta enpresa bat lanean dagoela jakitera eman du alkateak. Era berean, RGIa jasotzen duten herritarrentzat lanpostuak eskaintzeko asmoa zegoela aipatu du. Programa %55ean Eusko Jaurlaritzak lagundua da eta %45 Udalak ordaindu beharko luke, "baina aurtengo aurrekontuetan ez dago dirurik horretarako eta hurrengo urtera itxaron beharko litzateke, partida 2016eko aurrekontuan sartu ostean".
Hipodromo etorbidean erakikitzen ari diren etxebizitzei buruz, proiektua aurkeztu bezala aurrera eramango dela aipatu du, 15 pisutako dorrea eta 6 pisutako beste bloke bat. "Gaur egun obra geratua dago, bi promotoren arteko liskar bat dela eta. Baina 2017an amaituak egon beharko lirateke".
Okendo plazako garajeen harira, hauek esleitzeko prozedura martxan jarri dela aipatu du alkateak. Hala ere, prozeduraren pleguak gainbegiratu eta zirriborro berri bat Ogasun batzordean aurkeztuko duela jakitera eman du.
Hau guztiaz gain, aurreko Gobernuak elkarteei lokalak uzteko prozeduraren aurka zeudela aipatu eta hauentzat elkarteen hotel bat sortuko dela azpimarratu zuen.
Eta azkenik herritarrek izan dute hitza.
Aipatzeko da, Jesus Zaballos alkateak bi hizkutzatan zuzendu duela udalbatzarra.