Hasi da 2015-2016 ikasturtea

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 11

Urtero moduan, hainbat aurpegi berri ikusi dituzte herriko bi ikastetxeetako zuzendari, irakasle eta zaharragoak diren ikasleek. Garaikoetxea-Landaberrin 2 urteko 72 haurrek eman dute izena oraingoz; Sasoeta-Zumaburun 46 ikasle hasi dira maila horretan. Ikastetxeetako arduradunek esan dute zifrak aldatu egin daitezkeela oraindik, izen-emate epea irekita baitago.

Udako oporrak iraun bitartean lasai eta isilik egon diren ikastetxeak eta inguruak biziberritu egin dira berriro ere; ikasleak itzuli dira geletara. Garaikoetxea-Landaberrin bi urteko 72 haurrek hasi dute aurtengo ikasturtea. Lehengo urteko kopuru bera, oraingoz. HH3ko ikasleei dagokienez, 18 ikasle berri gehitu zaizkie lehengo urtean jada HH2 mailan egon zirenei. Aurreko urtean 15 izan ziren maila horretan hasi ziren haurrak.

Sasoeta-Zumaburun aldiz, 46 dira 2 urteko geletan hasi diren gaztetxoak; iaz 48 izan ziren matrikulatutakoak. Ikasle berriak ere edukiko dituzte HH3 mailan. Guztira 41 haur ariko dira; horietako 3 berriak dira aurten. Iazko ikasturtean 9 ikasle berri hasi ziren ikastetxean maila horretan.

Bi ikastetxeetako arduradunek esan dute aldatu egin daitezkeela kopuru horiek, izena emateko epea oraindik zabalik dagoelako.

'Gurasoleku' zerbitzua
Honetaz gain, Lasarte-Oriako Udalak, ikastetxe, guraso elkarte, AEK eta Ttakunekin, 2 urteko haurren gurasoentzako eskaintza prestatu du: 'Gurasoleku' du izena. Gaztetxoak “ahalik eta euskal hiztun osatuenak” bilakatzea da egitasmoaren xedea.

Familiaren alorrera zuzendutako zerbitzua da 'Gurasoleku'. Horren baitan hainbat egitasmo biltzen dira, esparru desberdinak landuz. 'GurasoLagun' du izena horietako batek. Eguneroko jardunean euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta ez dutenak elkartzean datza, elkarrekin euskaraz aritzeko ohitura hartzeko.

'GurasoTegi' delakoarekin, gurasoak ikasle izango dira. Euskara-eskolak jasoko dituzte haurrak klasean egon bitartean. Abenduan hasi eta maiatzera bitartean bi orduko bi saio eskainiko ditu zerbitzuak, ikastetxeetan bertan. Saioek 100 euro balio dute, baina diruaren %85 berreskuratu ahalko dute, eskola-orduen %85 betetzea. 

Azkenik, 'GurasoLandia' aisialdi eskaintza bat da, aurreko bietan parte hartu duten gurasoentzat. Urtarriletik maiatzera, hilean behin bildu eta ekintza bat egingo dute.