Extremadura etxekoen asteburu handia

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 11

Urtero moduan, Guadalupeko Ama Birjinaren omenezko jaiak ospatuko ditu herriko elkarteak. Gaur hasi eta igandean amaituko dira. Banderaren altxatze ekitaldiarekin irekiko dute ekintzaz jositako egitaraua Extremadura etxeko kideek. Antolatzaileek gonbita egin diete herritarrei ospakizunetara hurbildu eta jaiez gozatzeko.

Banderaren altxatze ekitaldiarekin, 21:00etan  hasiko dira gaur aurtengo Guadalupeko Ama Birjinaren omenezko ospakizunak.

Urteroko ekintza da hori, tradizionala, baina berrikuntzak ere topatuko dituzte herritarrek aurtengo egitarauan. Esaterako, argazki lehiaketa. Atzo arteko epea eduki zuten herritarrek euren irudiak bidaltzeko; sariak igandean banatuko dituzte, Bikain okindegian 13:30ean. 

Ez dira horiek gaur gaueko ekintza bakarrak izango. Giro paregabea egongo da Jaizkibel plazan 21:00etatik hasi eta gaueko ordu txikietara arte. Izan ere, 'ExtremayDura' musika jaialdia antolatu baitute.
Rock estiloko hainbat talde igoko dira oholtza gainera: The Zepo Hernaniko taldea izango da lehenengoa, 21:00etan bertan. 22:00etan Urretxuko 'The Northagirres' taldea igoko da oholtza gainera, Country rock estiloarekin Jaizkibel plaza girotzera. Handik ordubetera, The Garax herriko taldearen txanda izango da. 00:00etan berriz, Bad Religion taldearen abestiak jotzen dituen Bar Remigio ariko da. Amaitzeko, DJ Avilak dantzan jarriko ditu herritarrak 01:00ean.

Bien bitartean, Extremadura etxean afari herrikoia egingo dute 21:30etatik hasita. Kaldereta gozoa dastatuko dute afarira joaten direnek. 

Larunbateko ekintzak
Biharko ere hamaika ekitaldi prestatu dituzte antolatzaileek. Gaztetxoenentzat margolaritza lehiaketa dute, 10:00etan. 11:00etatik 17:00etara mota guztietako jokoak jarriko dituzte Jaizkibel plazan eta hori amaitu bezain pronto txokolatada gozoa dastatuko dute. 

Nagusiek, aldiz, 12:00etan edukiko dute hi-tzordua Extremadura etxean; meza nagusia ospatuko dute. Bazkari herrikoia egingo dute 14:00etan. Errenteriako Extremadura etxetik 'Raices y brotes' taldea etorriko da seietan, emanaldia eskaintzera. Bederatzietan berriz, agintari eta bazkideek elkarrekin afalduko dute.

Igandean amaiera
Zambra taldearen emanaldiak emango dio hasiera ospakizunen azken egunari, 12:30ean. 14:00etan bazkaria antolatu dute Extremadura etxean. 16:30ean tute txapelketa hasiko da eta 18:00etan boloena. 
Jaiei 20:00etan emango diete amaiera, banderaren jasotze ekitaldiarekin.