Santa Ana eguneko ekintzak aurkeztu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 22a

Uda garaiko hitzordu garrantzitsua da herrian Santa Ana eguna. Hainbat elkartek antolatuta ekintza bereziak izango dira ohi bezala igandean. Hauek aurkeztu dituzte udal ordezkariekin batera Karkaban.

Santa Ana egunez hainbat ekintza izango dira herrian. Aterpeako bazkide diren zenbait tabernek Santa Ana pintxo berezia izango bezeroen eskura. Gaurko aurkezpenean esan dutenez, bakailua izango da pintxoaren oinarria eta taberna bakoitzak bere erara prestatuko du. Bi euroko prezioa izango du eta eguerdi zein arratsaldeko poteoan dastatu ahal izango dute herritarrek. Pintxoa Arkupe, Izurde, Buenetxea, Abend, Sancho eta Yolanda tabernetan eskainiko da.

Horretaz gain, Ttakunek 11:00etan egingo den mezaren ondoren luntxa antolatu du eta Santa Ana karkabaren aurrean dantza egingo du Erketzek.

Arratsaldean, Xenki Astiazaranek aipatu bezala, pala txapelketako 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida izango da 17:30ean eta jarraian, final handia jokatuko dute Jon Pello Artetxe-Xabier Etxezarreta eta Jon Begiristain-Xabi Arteaga bikoteek.

Tatkuneko Naiara Mugikak aipatu du parodia Okendon 22:30ean izango dela eta honetan 35 herritar arituko direla aktore lanetan. Gidoi polita prestatu dela eta, herritarrak animatu nahi izan ditu bertaratzea. "Eguraldiak lagunduko ez balu, Manuel Lekuonan egingo litzateke parodia baina aurrez jakitera emango da edozein aldaketa" esan du.

Agerraldian alkateak elkarteak zoriondu ditu beste urte batez, egun hau antolatzeko egindako lan guztiagatik.