Auzitegi Nazionalak Aitzol Iriondori gizateriaren kontrako delitua inputatu dio

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 23a

Auzitegi Nazionalak uztailaren 10ean zortzi euskal preso inputatu zituen gizateriaren kontrako delitua egin dutelakoan. Epaileak erreguzko mandatua bidali die Frantziako arduradun judizialei presoei deklarazioa hartzea ahalbidetzeko. Horien artean da Aitzol Iriondo herritarra.

Gizateriaren kontrako delitua egin dutelakoan, Aitzol Iriondo, Jurdan Martitegi, Garikoitz Aspiazu, Aitor Elizaran, Marixol Iparragirre, Mikel Albisu, Mikel Garikoitz Karrera eta Gorka Palacios epaituko ditu Auzitegi Nazionalak.

Auzitegiko autoak dioenez, hauek guztiak 2004 urtetik aurrera ETAren buruzagitzako kide izan ziren eta honek aurrera eramandako hilketa eta bahiketak agindu zituzten. Ekintza hauek "biztanleria zibilaren aurkako eraso sistematiko" bezala onartu ditu auzitegiak eta gizateriaren kontrako delitu bezala zigortuko ditu.

Hau dela eta, Juan Pablo Gonzalez epaileak erreguzko mandatua bidali die Frantziako arduradun judizialei han preso dauden zortzi euskal presoei Frantzian deklarazioa hartu ahal izateko.