Lucio Urtubiaren solasaldi jendetsua

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 24a

Xirimiri elkarteak antolatuta bart Lucio Urtubia anarkista historikoak hitzaldia eskaini zuen. Bere bizitzaren pasarte ezagunez gain, egun gizartea nola ikusten duen ere aipatu zuen. Ekiteko garaia dela behin eta berriz errepikatuz, gazteak animatu zituen gizartea aldatzeko gauzak egin eta geldi ez geratzeko.

Lucioren bizitza aski ezaguna da gehiengoarentzat, bere memoriak irakurrita edota bere bizitzaz dagoen dokumentalarengatik besteak beste. 84 urteko anarkista nafarrak solasaldi luzea izan zuen bart bera entzutera gerturatu ziren herritarrekin.

36ko gerraren inguruko bizipenekin hasi zen. Oso gaztea zela, pasarte gogorrak eta miseria bizitzea egokitu zitzaiola azaldu zuen. Aberria zein neurriraino gorrotatu zuen aipatu zuen, “injustiziaz betetako gizartea besterik” ez zuelako ezagutu.

Parisen bizitako denboran egindako lagunek markatu zioten bidea. Mugimendu anarkistan izen handiekin egin zuen topo, Andre Breton eta Albert Camus tartean, eta haiek izan zituen irakasle. Gauzak egiteko beharra zuten eta hala ekitea erabaki zutela azaldu zuen, beti ere zorte handiko gizona izan dela azpimarratuz “gauza ilegalak egitearen gauza garrantzitsuena da harrapatua ez izatea”.

Lucioren ustetan pertsona bat bere ekintzengatik bereizten da. Pertsona bakar batek mundua aldatzeko gai dela sinisten du eta horregatik bertan bildutako gazteei bereziki, ekiteko eskatu zien. “Ez egon beste batek eskaini behar dizuen lanaren zain, ekin, zuen enpresa edota kolektibitateak sortu. Sareak eratu”.

Anarkia eta askatasunaren ideiak oraindik beharrezkoak direla defendatu zuen.  Eta Kubako erreboluzioan izandako esperientzia, “Che Guevara nire Bilboko lagunak baino pinpirinagoa zen, ez zen harreman onik egon". Elkarlanerako eskaintzarekin joan ziren anarkistak erreboluzioan parte hartzera, dolarrak faltsifikatzeko eskaintzarekin hain zuzen, baina kubatarren ezezkoa jaso zuten.  

First National City Bankeko bidai txekeen afera azaldu zuen ere. Banku bati hainbeste diru lapurtu eta defentsan abokatu onak izan zituela eta, berarekin negoziatzen amaitzeak oraindik harritzen du Lucio. Lapurtutako dirua munduan zehar piztuta zeuden mugimendu iraultzaileak babestea bideratu zen nagusiki.

Amaieran herritarrek galderak egin zizkioten Luciori. Mota askotako galderak izan ziren, baina Luciok ekiteko deia eta gauzak aldatzeko bakoitzak duen ahalmena azpimarratu zituen behin eta berriro.