Bihar, emakume zentroko ikastaro berrietan izen emateko epea irekiko da.
Lasarte-Oriako Emakume zentroak sexuen arteko bizikidetzarako erreferentziazko zerbitzua izatearen bidean lanean dihardu. Herritarrek ikasteko, parte hartzeko, banaka eta taldeka ahalduntzeko eta elkartzeko toki izateko asmoz, lau hileko honetan adin desberdinetako herritar guztiei zuzenduta doako eta ordaindutako ikastaro eta ekintzak antolatu ditu.
Jantzi-konponketak eta patroiak, antzerkia, zumba, eskulanak, ehoziriak... gustu guztierako eskaintza aurkezten du.
Ekintza hauek guztiak toki desberdinekin elkarlanean eramango dira aurrera. Esate baterako, kiroldegiarekin elkarlanean Running (korrika) egiten ikasteko emakumeentzako taldea jarriko da martxan ostegunetan 18:00tatik 19:00tara eta KZ gunean ofimatika eta Skype ikastaroak antolatu dira.
Honetaz gain, ikasturte hasiera honetan nabarmentzekoak dira "Emakumeok gure ekonomia kontrolatuz, eta ez alderantziz" tailerra, emakume migranteekin egingo den topaketa, Lasarte-Oria Udaleko Beldur Barik II. Lehiaketa eta honekin lotuta Gaztelekuan egingo den film laburren tailerra.
Aurre-inskripzioa
Aurre-inskripzioa egin nahi dutenek bihar, etzi eta osteguna izango dute aukera. Emakumeen zentroan egin behar da izena ematea goizeko 9:30etatik 13:00etara eta arratsaldean 15:30etatik 19:30etara.