Buruntzaldea IKTko hainbat igerilari Irlako itsas zeharkaldian

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 1a

Donostiako Irlan lehiatu zuten Buruntzaldea IKTko bost igerilarik pasa den larunbatean. Infantil kategorian aritu ziren horietako lau eta Masterrean bestea.

Emaitza onak erdietsi zituzten Buruntzaldea IKTko hainbat taldekidek joan den larunbatean, Donostiako Irlako itsas zeharkaldian. Taldeko bost kide aritu ziren proba horretan; Infantil kategorian lau eta Masterrean bestea.

Infantilek 600 metroko ibilbidea osatu behar izan zuten. Leire Martin gaztea izan zen taldeko kide azkarrena: 4. postua eskuratu zuen, 11 minutu eta 46 segundotan osatuz lasterketa. Handik gutxira helmugaratu zen Irati Arzalluz, 11. postuan, 12 minutu eta 15 segundotan geratuz kronometroa. Haren ahizpa Joane berriz, 34.a izan zen. 14 minutu eta 45 segundoko denbora egin zuen. Mutilei dagokienez, Unai G. Somovilla izan zen taldeko partaide bakarra: 9. postuan sailkatu zen, 600 metroak 12 minutu eta 18 segundotan osatuz.

Ligako sailkapen orokorreko bigarren postuan dago Leire Martin. Irati Arzalluz 6.a da eta 9.a Joane Arzalluz. Unai G. Somovilla berriz, 11. postuan dago sailkatuta.

Yoli Pastor bosgarren Master kategorian

Buruntzaldea IKTk ordezkari bat izan zuen Masterren kategorian: Yoli Pastor. 3 kilometroko ibilbidea 49 minutu eta 42 segundotan osatu zuen Pastorrek, bosgarren postua eskuratuz. Ligako sailkapen orokorrean laugarren postuan dago igerilaria.