Ganbo Iturri elkarteak 'Elkarbizi' egitasmoaren barruan ekintza berria burutu zuen atzo goizean. Andreas Schäfer eta Alex Carrascosak Gernika Gogoan, Bake museoak eta Bakeola elkarteek Bizkaian martxan duten MemoriaLab proiektua azaldu zieten elkartean bildu ziren herritarrei. Ekintza honen helburua, Joxean Rekondok Ganbo Iturriko kideak azaldu moduan, proiektu honen esperientzia bat gure eskualdean aurrera eraman daitekeen ikustea da, "izan ere, memoria argitzea oso garrantzitsua baita".
Andreas Schäferrek azaldu zuenez, MemoriaLab proiektua indarkeria politikoaren eta giza eskubideen urraketen inguruko bizipenak partekatzeko gunea da. Proiektua aurrera eramaten ari diren elkarteek proiektu bizi bat garatu nahi dute, lekuetara egokitzen dena. Helburua Euskal Herrian bake askatzaile bat lortzea da. Bakea, Schäferren hitzetan, bide luze bat izango litzateke, ez egoera bat, non gatazkak nola konpondu erakutsi eta ikasten den. "Izan ere, ez gara jakintsu jaiotzen eta gatazkari aurre egiteko berezko baliabiderik ez dugu. Hau ikasi behar da".
Era berean, herritarren ezagutza eta harremanak sendotzea garrantzitsua dela ikusi dute eta gizarte mailan gure herrian bizitakoa partekatzeko aukerarik ez dela ikusi dute. "Gizartean gatazka amaitu eta gero, egoera berria sortu da eta zer gertatu den aukera eta beharra dagoela ikusi dugu". Gainera, memoria normalean memoria instituzionalki, goitik behera jakin arazten zaigun zerbait dela azpimarratu zuten, baita bakoitzak memoria partziala duela ere. "Kontzientzia historiko bat dugu eta horren arabera jokatzen dugu".
Aurkezpenean, gatazkak sortutako biktima eta biktimario egoerarekin amaitzeko talde hauetan ez dauden gainontzeko herritarren memoria ere garrantzitua dela aipatu eta MemoriaLab proiektuan horiekin lan egiten dela jakitera eman zuten.
Metodologia
MemoriaLab baten metodologia ere azaldu zuten. Elkarrizketa eta errespeturako gune lasai batean bildu eta hiru galdera erantzuten saiatzen dira. “Iragana” hitzarekin du zerikusia lehenak: ‘Zer gertatu da?’. Bigarrenak berriz, “oraina” du ardatz: ‘Zer ikasi dugu iraganetik, orainean lagungarri izan daitekeena?’; hirugarrenak, azkenik, geroan jartzen du fokua: ‘Aniztasunaren ikuspuntutik, nola bizi gaitezke eta zertan egin dezakegu lan?’
Tailer hauetan burua alde batera utzi eta emozioak ateratzea garrantzitsua dela aipatu zuten. "Ixiltasuna ez ona eta honek ezinegonak sortzen dizkigu." Teknika batzuen bidez hori landu eta memoria osatzen doaz tailerra zuzentzen duten kideak.
Kontartea egiten dutela aipatu zuen Carrascosak, "kontakizunen arteko elazioa egiten da. Bakoitzak berea partekatu, guztiena erlazionatu eta taldeari jakin araztem zaio".
Era honetara, norbanakoen memorian oinarritutako memoria zabalago bat edo memoria aztarnategi bat sortu nahi dute eta honetan herritar guztiek dute lekua.
Honetaz guztiaz gain, Bizkaian egin diren esperientzien berri ere eman zuten.
Ekitaldira hurbildu ziren herritarrek galderak egin eta haien esperientzia partekatzeko aukera ere izan zuten. Honela adibidez, memoria garatzeko duten gazteetara nola heldu eztabaidatu zuten.