Rezola zelaitik Zubietako instalazioetara. Emakumezkoen Bigarren Mailatik Lehenengora. Añorgatik Realera. Beste jauzi bat eman du Iraia Iparragirrek bere ibilbidean, duela lau urte herriko Ostadar SKT taldea utzi eta Añorgan hasi zenekoaren tamainakoa. Gipuzkoan erreferente den taldean ariko da, hainbat umek amesten dutena egi bihurtuz. “Niretzat handia izan da ustekabea, ez nuen espero”, dio Iparragirrek.
Uztailaren 27an hasiko du aurredenboraldia Realak. Entrenatzen hasteko irrikitan dago Iraia Iparragirre: “Taldekide berriak ezagutzeko gogoa daukat. Erakargarria da proiektua eta talde polita osatu dugula uste dut”.
Emakumezkoen Bigarren Mailan aritua da Iparragirre, 19 urte dituen arren baditu hainbat partidu bizkar gainean. Lehenengo Mailan jokatuko du datorren urtean, eta exijentzia maila “altua” dela onartu du, baina esan du hori gustuko duela: “Gehiago ikasten da horrela”.
“Egunerokotasunean lan egin, partidaz partida joan eta borrokatu”. Osagai horiekin osatuko du Iparragirrek datorren denboraldiko errezeta. Ez zaio batere gaizki joan orain arte.
Kopako finalistak
Zazpigarren postuan amaitu zuen liga Añorgak aurreko denboraldian, guztira 26 partidu jokatu eta 41 puntu lortu ostean. Hamalau taldeko liga dela kontuan hartuta, ez ziren batere gaizki aritu.
Ligako txapelketan ongi lehiatu bada ere, Kopan eman du zeresana Añorgak duela gutxi amaitu den denboraldian. Kaleratze errondak gainditzen joan ostean, finalerako txartela eskuratu zuen taldeak. Koadroaren beste aldetik Athletic iritsi zen finalera, Bilboko talde boteretsua.
Rezolan jokatu zuten partida, Añorgaren zelaian. Aurrekariei so eginda, aukerak bazituen etxeko taldeak, Ligan berdindu egin baitzuten Athletic-en kontra. Oraingo honetan ordea, Bizkaia aldera eraman zuen Kopa talde bilbotarrak, 0-2 irabazi ostean.
Datorren urtean edukiko du herriko jokalariak rebantxarako aukera. Eszenatokia ezberdina izango da ordea: Zubietako zelaian, belar naturaleko batean, eta kamiseta txuri-urdina soinean.