Herriko ordezkariak Donosti Cup txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 13a

Ostadarrek zein Texasek talde bana osatu zuten joan den asteko Donosti Cup txapelketa entzutetsuan parte hartzeko. Finalak Anoetan jokatzera iritsi ez diren arren, ederki aritu dira bi taldeak eta esperientzia ezin hobea bizitu dute egunotan.

10 urtez azpiko gaztetxoz osatutako taldeak ordezkatu du Ostadar Donostiako futbol zelaietan. Javik eta Rafak entrenatu dituzte Iraitz, Gorka (atezainak), Ander, Unai, Ugaitz, Xabi (atzelariak), Eneko, Endika, Oier (erdilariak), Lander, Izan eta Shanti (aurrelariak) gaztetxoak. Txapeldunen faserako sailkatzea ez zuten lortu, baina final laurdenetara iritsi ziren Kontsolazio fasean. Tolosako Laskorain taldearen aurka 3-2 galdu zuten; bi taldeek dena eman zuten final erdietarako txartela eskuratzeko eta Laskorainek lortu zuen helburua azkenean, sailkapenaren gola azkeneko minutuan sartuz.

Hori baino lehen, Kostkas 11-0 garaitu zuen talde lasarteoriatarrak. Lehenengo fasean 5-4 galdu zuten Mundarroren aurka eta 3-2 Sant Just Atletic B kataluniarren aurka. Garaipen batekin itxi zuten lehen fasea, Eglantins taldea 1-6 garaitu ostean.

Texas, txapeldunen fasean

B-18 kategorian hartu du parte Aitor Legarretak eta Esteban Garciak entrenatutako taldeak. Herritarrek txapeldunen faserako sailkatzea lortu zuten, lehen hiru partiduen ostean bigarren postuan geratu baitziren. Emozioz jositakoa izan zen lehenengo fase hori, hiru taldek 5 puntura berdinduta amaitu baitzuten. Langile eta Texas Lasartearra sailkatu ziren hurrenez hurren, Peñaflorida B kanpoan utziz.

Final hamaseirenetan Zubiri Manteo B-ren aurka neurtu zituen indarrak Texasek, eta  onenen artean egoteko maila zuela erakutsi zuen, 1-3 irabazi baitzuen. Egun horretan bertan (ostegunean), arratsaldean jokatu zuen final zortzirenetako norgehiagoka Eysines talde frantsesaren kontra. Gogotik saiatu arren, Texaseko mutilek ezin izan zuten aurrera jarraitu, 0-2 galdu zutelako frantsesen kontra.

Iker Martin, Mikel Blazquez (atezainak), Ander Herranz, Sergio Vega, Luis Mari Prieto, Gorka Diez (atzelariak), Martin Verdugo, Iñaki Navio, Mikel Txikito, Cristian Fuentes (erdilariak), Jon Ander Cespedes, Unai Tejero eta Ekaitz Fernandezek (aurrelariak) osatu dute Texas Lasartearraren taldea.