Manttangorri Lurraldebus txartelean sartzeko pausoa

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 14a

Alderdiek bilkuran Gipuzkoako Garraioaren Lurralde agintaritzan integratzea onartu dute eta honi esker, herriko Manttangorri zerbitzua Lurraldebus txartelaren baitan sartu ahal izango da. Bidaiak merketuko dira txartelarekin ordaintzean eta honen deskontuak baliatu ahal izango dira.

Ohiko udalbatzar azkarra izan da gaurkoa. Gai ordenenean, ekainaren 13ko aktaren onarpena izan da lehenengoa eztabaidatzen. EHBilduko Pablo Barriok hainbat zuzenketa planteatu ditu. Batetik, alderdia EHBildu dela esan du eta ez Bildu aktan agertzen den bezala, eta horretaz gain, hitz egindako gaiak euskaraz eta gazteleraz jasotzea eskatu du. Jesus Zaballosek alderdiaren izena aldatu eta proposamena aztertuko dutela erantzun dio. Hala ere, alderdiek akta onartu egin dute bozketa egiteko garaian.

Ondoren, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde agintaritzan integratzea erabaki dute alderdiek. Bozkatzerakoan, 13 aldeko bozka eman dituzte PSE-EE, EHBILDU, EAJ eta PPko zinegotziek eta Lasarte-Oriak Ahal du-ko hiru zinegotziak abstenitu egin dira. Estitxu Alkortak esan du batzordean abstenitu egin zirela, kontu hartzailearen txostena falta zelako. Hau aurki egingo delakoan, alde egitea erabaki dute plenoan. Bestalde, Lasarte-Oriak Ahal du-ko Arkaitz Nayak aurreko legegintzalditik datorren lanketa izaki, hau aztertzeko nahikoa denbora ez dutela izan argudiatu du.

EHBilduko Pablo Barriok, erabaki hau Zerbitzuen sailean aurreko legegintzaldian egindako lanaren emaitza zela aipatu du. “Udalera sartu ginenean duela lau urte, autobus zerbitzu alegal batekin aurkitu ginen. Hau arautu eta legal bihurtzeko lan handia egin zuen Ana Prietok, Zerbitzuetako orduko arduradunak, oraingoa azken pausua da zerbitzua herritarrentzat hobea izan dadin eta aspaldi eskatzen zuten moduan, txartelarekin ordaindu eta deskontu sistemaren abantailak izateko”.

Erakundean herriko ordezkaria Jesus Zaballos alkatea eta honen ordezkoa, EAJko Jon Antxordoki izatea bozkatu dute jarraian. Alde egin dute PSE-EE eta EAJko zinegotziek, Kontra EHBildu eta Lasarte-Oriak Ahal du eta abstenitu egin da PPko zinegotzia. Horrela izanda, onartuta geratu dira bi ordezkariak.

Galdera eta erreguak  

Gai ordenarekin amaituta, alderdiek hitza hartu dute hainbat galdera egiteko.  PPko ordezkariak besteak beste, udaleko barne arautegia indarrean jartzeko asmoa dagoen galdetu du eta Zaballosek esan dio irailean helduko diotela gaiari izan ere, “aurreko legegintzalditik eginda egon arren, zinegotzi berriek hau ezagutu eta lantzeko aukera izan behar dute”.

EAJko Estitxu Alkortak hainbat gai jarri ditu mahai gainean. Zabaleta berrin lanean ari den eraikuntza enpresarekin bilera egin eta ingurua urbanizatzeko plana zehaztea eskatu du. Zumaburun arratoiak ugaritu direla eta, zerbait egingo den galdetu du eta kirolaren alorrean, herriko taldeek ikasturteko plangintza egiteko arazorik izan ote duten jakin nahi izan du. Azkenik, Baketik-ekin elkarbizitzaren inguruan alderdiek hasitako prozesuari jarraipena emango zaion galdetu dio alkateari.

Zabaleta berriko gaiaren gainean, hirigintza zinegotziak bilera izan duela argitu du Zaballosek eta urbanizazio planean hainbat desadostasun landu beharko direla.

Arratoien ugaltzea Zumaburun gaizki dagoen lur azpiko edukiontzi batengatik izan daitekeela eta, lanean ari direla erantzun du alkateak ere.

Kirol alorrean, kiroldegi berri bat eraikitzea ez dutela baztertzen esan du alkateak “lanketa sakona egin behar da gai honetan. Ez dugu behin behieneko erantzun bat eman nahi”.

Azkenik Baketikekin bilera ezberdinak egin direla eta prozesuari jarraipena emango zaiola esan dio Estitxu Alkortari Jesus Zaballosek.

Bukatzeko, Lasarte-Oriak Ahal du-ko Arkaitz Nayak Donostian herritar batek jasotako jipoia aipatu du. Herritarra bikote baten arteko liskarrean sartu zen hau geratzeko asmoz eta gizonak eta honen lagunek jipoitu egin zuten. Honen ondorioz, herritarrari ebakuntza egin behar izan diotela aipatu du Nayak eta elkartasuna adierazi nahi izan dio hautesle taldeak herritar honi zein familiari.

Azken gertakari honen inguruko informazio gehiago eskatu dio udalbatzarra amaitzean Jesus Zaballos alkateak Nayari eta horrela amaitutzat eman dute uztaileko ohiko bilkura.