Santa Ana pala txapelketak baditu finalistak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 22a

Jon Pello Artetxe eta Xabi Etxezarreta Jon Begiristain eta Xabi Arteagaren aurka. Bi bikote horiek jokatuko dute igandeko final handia Loidi Barren frontoian. Hori baino lehenago, 17:30ean, 3. eta 4. postuak erabakitzeko norgehiagokan ariko dira Bernaitz Odriozola eta Santi Martin Xenki Astiazaran eta Iñigo Arluziagaren kontra.

Partidu asko jokatu eta hainbat pilotakada eman dituzte Santa Ana pala txapelketako partaideek, maiatza bukaeran lehenengo fasea hasi zenetik. Igande honetan, hilaren 26an izango da Santa Ana eguna eta horrekin batera jokatuko da pala txapelketako finala ere. Jon Begiristain eta Xabi Arteaga eta Jon Pello Artetxe eta Xabi Etxezarreta bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago Loidi Barren frontoian.

Final handiaren aurretik 3. eta 4. postuak erabakiko dira; 17:30ean hasiko da Bernaitz Odriozola eta Santi Martin eta Xenki Astiazaran eta Iñigo Arluziaga bikoteen arteko neurketa. Partidu hori bukatu bezain laster hasiko da finala, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Era berean, finalista guztiei "zorterik onena" opa diete iganderako.

Semifinalen emaitzak

Atzo eta herenegun jokatu zituzten semifinalak lau bikoteek, Loidi Barren frontoian. Txapelketaren fase erabakigarria izaki, hainbat herritar gerturatu ziren frontoira bi egunetan. 

Xenki Astiazaranek eta Iñigo Arluziagak ezingo dute txapela berriro jantzi aurtengoan, 35-18 galdu baitzuten atzo Jon Begiristain eta Xabi Arteagaren kontra. Nahiko parekatuta hasi zuten norgehiagoka bi bikoteek (14-10 joatera iritsi ziren) baina Begiristain eta Arteagak partidua hautsi eta iazko txapeldunek ezin izan zioten erantzunik eman.

Atzoko neurketarekin osatu zen finaleko koadroa, Jon Pello Artetxek eta Xabi Etxezarretak astelehenean eskuratu baitzuten txartela. Bernaitz Odriozola eta Santi Martin izan zituzten aurrez aurre; 35-21 irabazi zuten lehenengoek.