‘Memoriaren laborategia’ ezagutzen

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 6a

Gernika Gogoratuz taldea ‘MemoriaLab’ egitasmoa aurkeztera etorriko da larunbat honetan, Ganbo Iturrik Kale Nagusian duen egoitzara. Ganbo Iturrik egoitza horretan bertan aurkeztu ditu gaur ‘Elkarbizi’ egitasmoaren baitan abendura bitartean prestatu dituen bost ekimenak. Elkarbiziko kide Joxan Rekondo (Hernani) eta Rikardo Arrizabalaga (Astigarraga) eta Lasarte-Oriako EAJko kide Inma San Sebastianen eman dute prentsaurrekoa.

Esan bezala, Ganbo Iturriren egoitzan egingo dute bost ekitaldi horietatik lehenengoa, larunbat honetan, 11:00etan. Bizkaiko zenbait herritan garatu du MemoriaLab proiektua Gernika Gogoratuz taldeak. Hori bera aurkeztuko du larunbatean, baina Joxan Rekondo Elkarbiziko kideak gainetik azaldu du egitasmoa gaur: “Memoriaren laborategia izan nahi du proiektuak. Elkarrizketa eta topaketarako egitasmo baten inguruko ekimen baten parte dira laborategi hauek, indarkeria politikoaren eta giza eskubideen urraketen inguruko bizipenak partekatzeko”.

Rekondok zehaztu du hogei bat pertsonak ahalko dutela izena eman ekintza honetan; ganboiturri@gmail.com helbidera idatzi beharko dute interesa dutenek. Larunbatean Ganbo Iturriren egoitzara bertaratzen direnak hiru galdera erantzuten saiatuko dira, Gernika Gogoratuz taldekoen laguntzaz. “Iragana” hitzarekin du zerikusia lehenak: ‘Zer gertatu da?’. Bigarrenak berriz, “oraina” du ardatz: ‘Zer ikasi dugu iraganetik, orainean lagungarri izan daitekeena?’; hirugarrenak, azkenik, geroan jartzen du fokua: ‘Aniztasunaren ikuspuntutik, nola bizi gaitezke eta zertan egin dezakegu lan?’.

‘MemoriaLab’ egitasmoaren aurkezpena izango da Ganbo Iturrik antolatutako bost ekintzetan lehenengoa. Ondorengo lauak irailetik abendura bitarte burutuko dituzte. “Azalpen eta galderen egitura izango dute batzuk, eta mintegi erara landuko ditugu beste batzuk. Hizkuntzak elkarbizitzan zein neurritan lagun dezakeen eta biolentzia politiko zein bizikidetzaren inguruan egin diren hainbat pelikula aztertzea izango dira gaiak, besteak beste. Dena dela, aurrerago emango ditugu xehetasun guztiak”, aurreratu du Joxan Rekondok.

Irailaren 19rako antolatu dute 'Elkarbizi' egitasmoko bigarren ekitaldia. Enrique Ayerberen eskutik mintegi bat prestatu dute; hizkuntzak bizikidetza eraikitzen zein neurritan lagundu dezakeen aztertuko dute bertan. 

Elkarbizitza sustatzea helburu

Ganbo Iturrik joan den urteko irailean jarri zuen martxan ‘Elkarbizi’ egitasmoa, “indarkeriak hainbat urtetan utzitako izua deserrotzeko asmoz zoru etiko bat” eraiki nahi dutenei “ahotsa” emateko asmoz. Sortzaileek azaldu zuten moduan, Buruntzaldean lan egingo zuen talde bat eratu dute, “antzeko giroa” bizi izan baitute eskualdea osatzen duten herriek. “Bizikidetza aske eta anitza normaltzen laguntzeko” sortu dela ere azpimarratu zuten.

Urte batzuk lehenago jaio zen ‘Gernika Gogoratuz’ taldea, 1987ko azaroaren 6an. Gernikako Bonbardaketaren 50. urteurrenean, hain justu. Taldeko kideen hitzetan, “hausnarketa zientifikoaren bitartez Euskal Herri mailan bake burujabe eta justu bat lortzen laguntzea” da elkartearen helburu nagusia.