Igandean Greziak bere etorkizun ekonomikoa erabakiko zuen erreferenduma eraman zuen aurrera eta Lasarte-Oriak Ahal Du hautesle taldeak greziar herriaren aldeko elkartasun ekintza egin zuen Okendo plazan.
Greziako herriaren aldeko pankarta bat atera eta elkarretaratzea egin zuten taldeko kideek.
Troikari ezetza
Lasarte-Oriak Ahal Duk komunikabideei bidalitako oharrean, Greziarrek igandean ezezkoa bozkatzea pozgarria dela eta Greziako herria zoriondu nahi duela jakitera eman du. "Igandean Troikaren politika neoliberalei ezezkoa esateko balentria izan zuen Greziako herriak. Beldurrari aurre egin dio."
"Gaur demokratok Greziara begiratzen dugu, Grezia baita berriro ere, demokrazia eraikitzeko gai garen aztertuko den lekua. Greziarren borondatea menderatu nahi zuten, baina Greziako herriak duintasun lezioa eman dio munduari eta batez ere, Europako gainontzeko herriei," azpimarratzen dute.
Orain Europako hegoaldeko gainontzeko herrien txanda dela deritzo Lasarte-Oriak Ahal Du taldeak eta Grezia adibide gisa hartu behar dela, "Greziarrek izan duten adorea izan behar dugu, esaneko esklabo bihurtu nahi gaituen finantza-diktadura honi ezetz esateko".