Ohiko udalbatzarretara joateko ohitura hartuta duten herritarrek ez dute aldatu beharko, aurreko legealdian bezala hilabete bakoitzeko bigarren asteartean egingo baitira saioak, 18:30ean. Astearte horietakoren bat jaieguna izango balitz, bigarren asteazkenean bilduko lirateke alderdiak pleno aretoan. Gobernu batzarraren kasuan, hilabete bakoitzeko lehenengo eta hirugarren ostiraletan bilduko dira, 11:30ean.
Puntu horretan EH Bilduko bozeramaile Pablo Barriok hartu du hitza, eta Jesus Zaballos alkateari galdetu dio ea duela lau urte alkatetzatik udalbatzarrera pasatako eskumenak bere horretan jarraituko duten. Alkateak erantzun dio duela lau urte ezarritako akordioan islatzen diren berdinak izango direla.
Zaballosek jakinarazi du PSE-EEko zinegotziek besterik ez dutela parte hartuko batzar horretan. Horrez gain, alkateordeen berri ere eman du. Lourdes Acevedo, Agustin Valdivia, Maite Iglesias, Txus Alonso eta Jose Mari Urdanpilleta izango dira ardura hori hartuko dutenak, hurrenez hurren.
Udal Batzordeak
“Talde sozialistak ez du gehiengo absolutua Lasarte-Orian, eta akordio batera iritsi da EAJrekin Udal Batzordeak osatzerako orduan”. Hitz horiekin, alkateak azaldu du ados jarri direla EAJ eta PSE-EE batzordeetako lehendakaritzak hartzeko.
Bederatzi batzorde izango dira guztira: Ogasuna (Jesus Zaballos izango da lehendakaria); Hirigintza, Obrak eta Ingurugiroa (Agustin Valdivia, PSE-EE); Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna, Elkarlana eta Osasuna (Lourdes Acevedo, PSE-EE); Sozioekonomia (Beatriz Juez, PSE-EE); Zerbitzu Publikoak (Jose Mari Urdanpilleta, PSE-EE); Barne Erregimena, Parte-hartzea eta Gardentasuna (Lourdes Acevedo); Euskara (Jon Antxordoki, EAJ); Kultura eta Hezkuntza (Maite Iglesias, PSE-EE) eta Gazteria, Kirolak eta Festak (Txus Alonso, PSE-EE). Hilabete bakoitzeko lehenengo astelehen eta asteartetan bilduko dira batzorde horiek. "Euren lana eta zinegotzi kargua arazorik gabe uztartu ahalko dituzte baldintza horretan dauden udaleko ordezkariek", nabarmendu du Zaballos alkateak.
Alkatetzaren proposamen hori onartu egin du udalbatzarrak, aldeko 10 bozkarekin (PSE-EE, EAJ eta PP), bi abstentziorekin (Lasarte-Oriak Ahal Du) eta 4 aurkakorekin (EH Bildu). Koalizio abertzaleko bozeramaile Pablo Barriok alderdiaren botoaren zergatia azaldu du: “Guretzat oso garrantzitsuak dira herritarren parte-hartzea eta herriko aniztasuna, eta ikusi dugu batzorde horiek desagertu egin direla legealdi honetan. Galera bat da hori guretzat, bereziki jorratu behar diren gaiak direla uste baitugu”. Jesus Zaballosek erantzun du ondoren, eta zehaztu du herritarren parte-hartzea Barne Erregimeneko batzordearen barnean landuko dela, “dedikazio osoz”. Aniztasunari dagokionean, alkateak azpimarratu du Gizarte Zerbitzuen batzordean “berdintasuna” ere sartu dutela: “Genero, arraza, erlijio eta sexu orientazioari dagokionean berdintasuna lortu nahi dugu guk, emakumea eta aniztasuna bezalako atalak bereiztu gabe”.
Lasarte-Oriak Ahal Du alderdiko buru Arkaitz Nayak ere hitz egin du puntu horretan: “Alkatetzak zinegotzi guztientzako kode etiko bat aurkeztu du, baina gero bi talderen artean besterik ez ditu banatu batzordeak”. EH Bilduk ere eman du bere iritzia, Barrioren ahotan: “Batzordeen banaketak ez dira herrian erabaki, goitik etorritako makro akordioen ondorio dira. Zilegi da hori, jakina, baina horrek ez du errealitatea islatzen gure ustez”.
Alderdiei hitza eman ostean, Jesus Zaballosek mikrofonoa piztu eta erantzun egin die: “Talde sozialistak gehiengora behar du iritsi horrelako neurriak hartzeko, eta EAJrekin jarri da ados oraingoan. Bestalde, duela lau urte guk irabazi genituen hauteskundeak eta ez zitzaigun batzorde bakar bat ere egokitu”.
Organo Kolegiatuen ordezkariak
Batzordeen osaketaren berri eman eta gero, alkateak jakinarazi du zeintzuk izango diren Udala ordezkatuko duten zinegotziak Organo Kolegiatu ezberdinetan. Horrela, Jesus Zaballos bera joango da Añarbeko kontseiluetara eta Jon Antxordoki batzordeetara. Ordezkoak Jose Mari Urdanpilleta eta Estitxu Alkorta izango dira, hurrenez hurren.
San Marko mankomunitateari dagokionez, Agustin Valdivia eta Estitxu Alkorta izango dira ordezkariak. Ordezkoak berriz, Jose Mari Urdanpilleta eta Jon Antxordoki. Behemendi elkartean Beatriz Juezek ordezkatuko du Udala eta berak ezingo balu bileretara joan Jon Antxordokik hartuko luke ardura hori. Euskal Fondoari dagokionez, Lourdes Acevedo joango da Udalaren izenean eta Beatriz Juez izango da ordezkoa.
Herriko ikastetxeen organoei dagokienez, haur eskolen partzuergoan Maite Iglesias izango da ordezkaria eta Lourdes Acevedo ordezkoa. Sasoeta-Zumaburuko kontseiluko bileretara ere Maite Iglesias joango da eta Jose Mari Urdanpilleta izango da ordezkoa. Garaikoetxea Landaberrin Agustin Valdivia eta Lourdes Acevedo (ordezkoa); Lasarte-Oria Usurbil institutuan Jon Antxordoki eta Estitxu Alkorta; Landaberri institutuan Estitxu Alkorta eta Jon Antxordoki eta Andre Joakina Eneako jarraipen batzordean Maite Iglesias eta Lourdes Acevedo.
Soldatak eta liberatuak
Zaballosek jakinarazi du duela lau urte ezarritako diru kopuru bera kobratuko dutela alkate eta zinegotziek (lanaldi osoko zein partzialekoek), hurrenez hurren. 40.160, 54 euro gordin alkateak, 33.691 lanaldi osoko zinegotziek eta 20.888,98 euro lanaldi partzialekoek.
Liberatuei dagokionean, PSE-EEko hiru zinegotzik egun osoz izango dute izaera hori, alkateaz gain (lau liberazio guztira).EH Bildu, Lasarte-Oriak Ahal Du eta EAJko zinegotzi banak berriz, egun erdiz. Jesus Zaballos alkateak esan du duela 4 urte hartutako bidetik jarraitu bakarrik ez, "are gehiago" murrizten dela, "liberazio erdi bat gutxiago" edukiko dutelako zinegotziek. Era berean, zehaztu zuen konfiantzazko karguak beteko dituzten pertsonen soldatak ere ez direla aldatuko.