Oriako eta Basaundiko jaiei laguntza

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 8a

Lasarte-Oriako Udalak eta La Esperanza Auzo elkarteak Karmengo Ama eta San Inazio festak antolatzeko hitzarmena sinatu dute gaur goizean.

Jesus Zaballos alkatea, Juan Rodriguez eta Manolo Urdampilleta La Esperanza auzo elkarteren izenean eta Xabier Goitia teknikaria izan dira hitzarmen-sinatzearen ekitaldian.

Honen bitartez, Udalak 3.574 euro bideratuko ditu La Esperanza auzo elkarteak uztailaren 16an, 30ean eta 31n antolatuko dituen jaiak ospatzeko.

Honetaz gain, Udalak hainbat baliabide jarriko ditu haien eskura eta esate baterako, haurrentzako tailerren kontratazioa bere gain hartuko du.

La Esperanza elkarteak aldiz, hiru konpromiso hartzen ditu, jaiak antolatu eta kudeatzea, segurua egitea eta inolako diskriminaziorik eragingo ez dituen arauak ezartzea.

Eskerrak

Juan Rodriguezek La Esperanza elkartearen izenean, eskerrak eman nahi izan dizkio Udalari egindako esfortzu ekonomikoagatik, "antolakuntzarako genuen diru kopurua handitu da eta hori eskertzekoa da".

Era berean, jaiak antolatzen laguntzen dieten elkarte eta erakundeei ere eskerrak eman dizkie.

Jesus Zaballos alkateak aipatu duenez, "aurten Oria eta Basaundi auzoetako jaiei bultzada handiagoa eman nahi genien. Horregatik sinatu dugu hitzarmen hau". "Hurrengo urteei begira ere dagoeneko lanean gaude," aurreratu du.

Era berean, kultura eta jaiak deszentralizatzearen alde lan egingo dutela azpimarratu du agerraldian. "Auzo guztiek kultura eta jaiak izateko lan egingo dugu. Egun Zabaleta edo orain Oria eta Basaundik dituzten bezala, beste auzoek haien jaiak antolatzeko babesa emango dugu".

Jaiak

Agerraldian, Jaietako egitarauak ere azaldu ditu Rodriguezek.

Buruhandiak, puzgarriak, mezak, galeper botatzea, mendi martxa, dantzaldiak... haur, zein helduentzako hamaika ekintza antolatu dira hiru egunetan, baina haurren ekintzak azpimarratu nahi izan ditu. "Esate baterako, Udaleko kultura sailak antolatutako tailerrak izango dira eta hauetan haurrak egotea nahiko genueke. Horregatik auzoko, zein herriko haurrei hauetan parte hartzeko gonbita egiten diegu," aipatu du.

Honetaz gain, San Inazio egunean Oria Txikik antolatutako bazkari herrikoia aipatu du, "pixkanaka ohitura bilakatzea espero dugu".

Era berean, uztailaren 16an, Oriako Karmengo kaperaren 75. urteurrena ospatuko dela gogorarazi du. "Ospakizun xumea izango da urteroko ekintzak izango baitira. Bazkarian gainera, On Ramon Uribetxeberri apaizari omenaldi txiki bat egingo zaio".

Honela, La Esperanza elkarteko lagunek Karmengo Ama eta San Inazio egunetan Oria, zein Basaundi auzotara gerturatzeko gonbita egiten diete Lasarte-Oriako haur eta helduei.