Egurra arte bihurtuta

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 9a

Egurrarekin egindako koadro, armarri, kutxa, erloju eta abarrez josita dago Antonio Mercero gunea gaur arratsaldetik. Zurmailu zurlanketa elkarteko kideek hainbat artelan eraman eta erakusketa antolatu dute bertan. Datorren asteko igandera arte, uztailaren 19ra arte egongo da zabalik.

Hainbat herritar hurbildu dira Antonio Mercero gunera gaur arratsaldean, Zurmailu elkarteak antolatu duen erakusketa zuzenean ikustera. 50 pieza baino gehiago ikusi ahal izan dituzte, eta batek baino gehiagok poltsikotik mugikorra atera eta atera ditu hainbat argazki. Ez da gutxiagorako, pieza benetan ederrak eta mota askotarikoak baitaude Antonio Mercero gunean: familia-armarriak, erlojuak, kutxak, aulkiak, bastoiak uzteko piezaren bat edo beste ere bai, koadroak, ispiluak...

Erakusketa horren anitza izatea ez da kasualitatea; urte askoko lana dago atzean. Zurmailu elkartea 2014ko abenduaren 1ean eratu bazen ere, Lasarte-Oriako Udaleko Kultura sailak duela 18 urte jarri zuen abian zura lantzeko ikastaroa, herritarrei aukera emanez arte diziplina horretan formatzeko. Gaur egun 22 lagunek osatzen dute elkartea, Jon Ormazabal irakaslearen gidaritzapean. 

Herritarrak erakusketara hurbiltzera gonbidatu dituzte antolatzaileek. Era berean, Udalari "egindako ekarpen ekonomikoa" eskertu nahi diote. Beloki familiarentzat (ORVY grafikak) ere izan dituzte esker hitzak: "Inolako irabazi-interesik gabe utzi dizkigu Beloki familiak herri honetan dituen lokalak". 

Ordutegia

Astelehenetik ostiralera 19:00etatik 21:00etara zabalduko dituzte Antonio Mercero gunearen ateak Zurmailu elkartekoek. Larunbatean berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara. Igande eguerdian ere zabalduko dute: 12:00etatik 14:00etara. Erakusketa ikusteko azken eguna uztailaren 19a izango da, eta egun horretan ordu gehiagoz egongo da zabalik: 10:00etatik 14:00etara goizean eta 17:30etatik 20:00etara arratsaldean.