Hiru urre Ibarbururentzat Euskadiko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 2a

Buruntzaldea IKTko igerilari junior eta absolutuek Gasteizko Mendizorrozan egin zuten igeri joan den asteburuan, Euskadiko txapelketan. Hainbat domina ekarri zituzten bueltan etxera, eta Iñigo Ibarburuk eskuratu zituen horietako gehienak: hiru urrezko eta brontzezko bat. Txapelduna izan zen 100 tximeletako proban, junior zein absolutu mailan. 50 tximeletan ere urrea poltsikoratu zuen junior mailan, eta brontzea 50 libreetan, junior kategorian.

Talentua soberan daukala erakutsi zuen Ibarburuk beste behin Gasteizen, azterketa finalak direla-eta (Batxilergo 2. maila bukatu berri du) ez baitu gehiegi entrenatzerik izan. Dena den, uzta oparoa ekarri du igerilari herritarrak Gasteizetik. 100 tximeletako proban izan zituen sentsazio onenak: “Lehenengo 50 metroen ostean, indartsu ikusi nintzen eta horrela egin nion aurre probaren bigarren zatiari; irabaztea lortu nuen azkenean”.

50 metro tximeletako proban ere aritu zen Ibarburu, baina ez zen bestean bezain eroso sentitu, “potentzia askoko proba” izanik nabaritu egin zituelako faltan zituen entrenamendu ordu horiek. Dena den, junior mailan urrea eskuratu zuen. Igerilariak aitortu duenez, estilo librean ere ez zen gustura aritu, nahiz eta brontzea kolkoratu.

Espainiako txapelketa hurrengo astean jokatuko da Bartzelonan, baina Ibarburu ez da bertan izango: “Unibertsitatera sartzeko hautaprobak ari naiz prestatzen, eta azkenean ez joatea erabaki dut”. Igerilekuan bezain fin ibiltzen bada liburu eta apunte artean, ez zaio batere gaizki joango.

Beste emaitza batzuk

Nahia Zudaire igerilariak hiru domina lortu zituen guztira, kirol egokituko 50 bizkar, 100 libre eta 200 libreko frogetan. Zilarra eta bi brontze kolkoratu zituen, hurrenez hurren. Mikel Esnalek ere brontzezko domina irabazi zuen, absolutu mailako 100 libreetako proban. Horrez gain, Haitz Mitxelena txapeldunorde izan zen 200 metro tximeletako modalitatean.

Dominarik ez, baina Itsaso Tolosak gutxieneko marka egitea lortu zuen, Espainiako txapelketara joateko: 29, 96 segundotan geratu zuen kronometroa.

Infantil mailako igerilarien txanda izango da asteburu honetan, Euskadiko txapelketan lehiatuko baitira Galdakaon (Bizkaia). Hurrengo astean berriz, junior eta absolutuak Bartzelonara abiatuko dira, hilaren 8tik 12ra bitartean Espainiako txapelketan egingo baitute igerian.