Maketa lehiaketa berria abian

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 28a

7. Maketa lehiaketa Funny Roman Numbers taldeak irabazi du. Logroñoko taldeak pop-rock estiloko musika egiten du eta berak eskuratu ditu jokoan zeuden 1.000 euroak. Lasarte-Oriako saria berriz, Gabezia taldearentzat izan da eta hauek 700 euroko saria poltsikoratu dute. Gaur egindako aurkezpenean Txus Alonsok jakitera eman duenez, euskaraz abesteagatik herrian ematen zen saria ez da banatuko dagoeneko aurten aurkeztutako taldeen artean eskuratuta zutelako sari hau aurretik. Guztira 18 talde aurkeztu dira lehiaketara.

Maketa lehiaketa berria eta aurreko edizioko irabazleak jakitera eman dituzte gaur udal ordezkariek. Gaztelekuan egindako agerraldian Jesus Zaballos oso pozik azaldu da egitasmoak izandako harrerarekin izan ere, “beharrezkoa da musika sustatu eta talde berrien lana aitortzeko halakoak martxan jartzea”.

Txus Alonso zinegotziak esan ditu 7. edizioaren irabazleak. Aurtengoan Logroñoko ‘Funny Roman Numbers’ taldea izan da garaile. Guztira 18 lan aurkeztu ziren eta horien artean herriko ‘Gabezia’ taldearentzat izan da Lasarte-Oria saria. Aldi berean, Euskaraz sariari dagokionez, esleitu gabe geratu da, hartarako aukera zuen talde bakarra iazko lehiaketako irabazlea izan zelako.

Epaimahaian Carlos Maestre manager eta ekoizle musikala, Karmen Salazar abeslaria, Jokin Telleria kultura kudeatzailea, Xabier Goitia Manuel Lekuonako kudeatzailea eta  Rosa Illarramendi Gazteak eta Jaiak ataleko teknikaria izan dira. Irabazleen lanak entzungai daude lasarteoriasarean.eu webgunean.

8. edizioan izena eman

Bestalde, 8. edizioa gaurtik martxan dagoela adierazi dute ere. Taldeek urriaren 30a bitartean izango dute aukera sari honetara aurkezteko.

Oinarriek ezartzen dutenez, formatu komertzialean materialik editatua ez daukaten taldeek edo bakarlariek parte hartu ahalko dute. Lehenagoko edizioetan irabazle izan direnek ezingo dituzte beren lanak aurkeztu.

Parte-hartzaileek hiruna musika-pieza aurkeztu beharko dituzte, horietatik bi behintzat jatorrizkoak, eta MP3 formatuan bidali beharko dituzte. Pieza bakoitzak, gainera, gutxienez hiru bat minutuko iraupena izan beharko du. Artxiboak musika@lasarteoriasarean.eu -ra bidali behar dira.

Sarien kategoriei dagokionez, 1.000 euro izango dira maketa irabazlearentzat, 700 euro Lasarte-Oria sariarentzat eta 500 euro Euskara sariarentzat. Herriko talde gisa parte hartuko bada, taldekideen % 50ek gutxienez Lasarte-Orian erroldatuta egon beharko dute. Maketa batek ezingo du saria bi kategoriatan eskuratu.