Final laurdenetarako geltokia Lasarte-Oria

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ira. 28a, 10:49
Atzo Lasarte-Orian Gipuzkoako bertsolari txapelketako final zortzirenetako bat jokatu zen. Bertsozaleek Manuel Lekuona bete zuten. Final laurdenetarako txartela eskuratzeko lehia polita izan zen eta azkenean, Beñat Lizasok eskuratu zuen lehen postua.

Maider Arregi, Mikel Artola, Aitor Irastortza, Xabier Sukia, Beñat Lizaso eta Gorka Azkarate bertsolariak izan ziren atzo arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxean nor baino nor. Herritar eta bertsozaleek ederki erantzun zuten eta saioa ikustera hurbildu ziren. Nahiz eta herritarrik ez izan saioan, epaimahaiko idazkari lanetan herritar bat zegoela nabarmendu behar da, Gorka Segurola.
Urduritasuna nabaria izan zen agurretan, baina alde batera utzi eta lehen sailkatuak zuzenean final laurdenekoetarako txartela eskuratuko zuela argi zuten bertsolariek. 

Binaka edo bakarka Imanol Artolak ezarritako gaiei aurre egin behar izan zioten, hala nola, Beñat Lizaso eta Gorka Azkarate Kilometroak-eko antolatzaile lanetan jarri zituen bata eguna iristeko irrikitan eta bestea kezkaz beteta. 

Saio politaz gozatu zuten bertsozaleek Manuel Lekuonan. Baina, hau ez da azken final zortzirena izan. Larunbatean, esate baterako, Unai Muñoa herritarrak Elgoibarko Herri antzokian sailkapena eskuratzeko lehiatuko da.

Azkenean, Beñat Lizasok irabazi zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren final zortzirena. Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean jokatu da saioa. Zuzenean sailkatu zen azaroaren 8an Eskoriatzan jokatuko den final laurdenetako saiorako. Atzoko saioan Maider Arregik egin zuen bigarren eta Mikel Artolak, hirugarren.