Jesus Zaballos alkatea: “Industria erakarri nahi dugu”

maider-azurmendi 2015eko irailaren 28a

Jesus Zaballos alkateak argi dauzka zeintzuk diren legegintzaldiko lehentasunak. Langabeziari aurre egiteko herrian ezarriko diren enpresak erakarri nahi ditu eta kiroldegi berri bat eraiki Michelingo kirol gunean. Etxebizitzaren alorrean, lanean ari dira herrian proiektuak zituzten eraikuntza enpresek hauek berriz martxan jar ditzaten, babes ofizialeko etxeak bermatuz.

Gobernuan 100 egunak pasata, herriko alkateak datozen urteetan egin nahi duen lanaz hitz egin du.

Zein da asmoa lau urte hauetarako? 

Jakin badakigu zein den Udalaren egoera. Esan daiteke pixkana krisi ekonomikotik ateratzen ari garela. Gure lehentasunetako bat da mantenuari dagokionean herrian inbertsio handi bat egitea. Azken urteetan utzikeria izan da nagusi. Asfaltatzeak, bankuen konponketa, ia ikusten ez diren zebra bide eta seinaleak margotzea, haur jolasen berritzea, argiztapena berritu eta konpontzea. Lau urte hauetan inbertsio konstante bat egin nahi da.

Langabezia tasa jaitsi nahi dugu eta kiroldegia ere proiektu estrategiakoa da. 

Aparkamenduarena arazo bat dela ere ikusten da. Okendo eta Tajamarreko plazak ateratzeaz gain, lurgaineko plaza gehiago sortu nahi dira. Zentzu horretan Iñigo de Loyolan eta  Uistin kalean lanak egingo dira. 

Gai asko daude irtenbide zain eta horiek halabeharrez izan behar dute egunerokoan landu beharrekoak. 

Noizko Okendoko garajeak?

Zerbitzuak sailetik pliegoak datorren hilabeteko batzordean aztertuko dira, urriaren 5ean eta espero dugu urte amaierarako lizitazioa ateratzea jendeak izena eman ahal izateko. 

Sasoetako eraberritzea zertan da?

Arazoa izan da amiantoa hormigoian inkrustatuta dagoela. Horrek beste txosten bat egitera behartu gaitu eta berriz Osalanera bidaltzea ahalik eta azkarren kentzera etortzeko. Espero dugu datozen egunetan euren aldetik erantzun bat jasotzea. Hala ere, Udalak Murias enpresarekin hitz egin du obra gunea txukuntzeko. 

Kirol esparruan zein lan egiten ari da Udala? 

Bilera dugu urriaren 8an Denis Itxaso kirol diputatuarekin. Irtenbide bat emateko helburua dugu, gure lehentasunetako bat da esan bezala. Bere garaian berritze bat defendatzen genuen baina oraintxe kiroldegi berri baten eraikuntza aurreikusten dugu kirol gunean. 

Herrian dagoen langabeziari aurre egiteko zer?

Enplegua sustatzeko ekimenak ezin izan dira aurten garatu ez zirelako aurreikusi 2015eko aurrekontuan. 2016an sartu nahi dugu partida bat helburu horrekin. Hala ere, ez zaigu denbora jakin baterako kontratazioak irtenbide erreala direnik iruditzen.

Sprilur Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoaren ordezkariekin bildu naiz. Lur industriala aztertzen dute eta gure udalerrian industria kokatzeko dauden aukerak aztertuko dira. Horretaz gain, Michelinekin hitz egin dugu Michelin II guneko aukerak aztertzeko. Momentuz erantzuna ona da. Gurean instalatu nahi duten marka komertzialak ere bilatzen ari gara. Bere garaian eskaintza bat egon zen baina oraingoa berria da. Helburua lanpostu egonkorrak sortuko dituen industria erakartzea da. Udalaren asmoa enpresa hauekin herritarren kontratazioa baldintza bezala hitzartzea litzateke. 

Elkarteentzako lokal banaketa gauzatuko al da?

Uste dugu udalbatzarrean erabaki bezala, euskaltegi zaharrean enpresen hotela edo coworking gunea jarri behar dela. Momentu honetan beste herrietan dauden guneen arautegiak aztertzen ari gara. 
Bestalde, bake epaitegia zegoen lekuan, elkarteen hotela jarriko genuke. Gune horretan herriko elkarteek aukera izango lukete elkartzeko. 

Hala ere, inbertsioak egin beharko dira lokalak txukuntzeko. Euskaltegian esaterako, enpresa bakoitzarentzat bulego bat jarri behar da, itxita… 25.000 euro gorde ziren aurrekontuan baina aurreko gobernuak ez zuen ezer egin.

Etxebizitza alorrean zein lan aurreikusten da?

Momentu honetan Udalarenak izan eta hutsak dauden etxeak, Alokabideren esku utziko dira kudeatu eta alokatzeko. Ez guztiak, Zelaialdeko batzuk gordeko ditugu Siriar errefuxiatuak hartzeko baita etxegabetzeak jasaten dituzten bizilagunentzat ere.

Bestalde, 2017an Hipodromo etorbidean eraikiko diren eraikinetan 39 etxebizitza eskuratuko ditu udalak. Hauekin prozesua bera izango da. 

Herrian proiektuak dituzten promotore guztiekin hitz egin dugu. Zehazki Kotxeraseko proiektuak aurrera egin dezan, finantzaketa arazoak ditu eraikuntza enpresak, Udalak bere aldetik erraztasunak eman nahi dizkio. Bertan 1.000 etxebizitza inguru eraikiko lirateke horietatik ia 500 babes ofizialekoak. Beti ere, eraikitzen lehenengoak babes ofizialekoak izango direlarik. Berriz atera nahi dugu Zabaleta berriko lursaila lizitaziora. Hitz egin dugu ere Goiegi inguruan lurra duen enpresarekin eta bertan etxebizitza hitzartuak eraikiko lirateke. Kaxkarron babes ofizialeko etxe gehiago egitea da asmoa. 

Hipodromo etorbideko etxeak geratu dira. 

Bi promotorea daude eraikuntza gauzatzen eta euren artean liskarra egon da eta epaitegira jo dute. Dagoeneko epaiketa egin da eta laster jakingo da epaia. Alde horretatik udalak argi dauka ez dela bere arazoa eta biek hitzartutakoa bete beharko dutela gurekin, hau da, lanak 2017an bukatu eta Udalari 39 etxebizitza eman. Sinatutako hitzarmena bete ezean, udalak zigorra jarriko du.

Baketik-ekin hasitako bidearekin jarraituko al du udalak?  

Baketikeko kideekin alderdi guztiak elkartu eta lanean jarraitzeko asmoa dugu. Biktimen inguruan Jaurlaritzak onartutako testuaren gainean lan egiteko konpromisoa dugu baita lanketa berezia egiteko ere, biktimen oroimenezko egunean urriaren 10ean eta giza eskubideen nazioarteko egunean abenduaren 10ean hain zuzen. Azken egun honetara begira, herriko eskolekin lanketa bat martxan dago. Gerrako umeen gaia landu eta aztertuko dute abendua bitartean eta eskutitzak idatzizko dizkiete. Udalak ez ohiko plenoan, eskutitz hauek bidaltzeko konpromisoa hartuko du. 

Memoriaren egunarekin berdin, biktimen memoriaren erreparazioan eta aitortzan urrats sendoak eman behar direla iruditzen zaigu. Aurreko legegintzaldian esaldi bat irakurtzera iritsi da baina guretzat ez da nahikoa. 

Emakume zentroan zein lan egingo duzue? 

Zerbitzuaren kontratua bukatu da eta pleguak berriz aterako dira. Zerbitzu batzuk beste leku batzuetan ematen dira adibidez Gaztelekuan sexologia zerbi-tzua. Hau esaterako Gaztelekuarekin aterako litzateke.

Beti pentsatu izan dugu herriko emakumeen alde diskriminazio positiboa aplikatu behar genuela nahiz eta berez ez lukeen horrela izan behar. Esatea bi sexuen zentroa dela, ez da zuzena erabiltzaileak emakumeak izaten jarraitu dutelako. Ez da aurrekoen helburua bete. Lehengo ikuspegi horretara bueltatuko gara eta horrela aterako dugu deialdia.

Hezkuntza sailarekin, ikastetxeen aferari irtenbidea bilatuko al diozue?

Udal eskola batzordearen bilera dugu. Honetan matrikulazioaren inguruan hitz egingo da izan ere, dagoen arazoetako bat da eskola bat bete egiten dela eta bestean plaza hutsak geratzen direla. Ondorioz, ikasturtea hasita eskolara sartu behar dutenak zuzenean horretara bideratzen dira. Argi daukagu gure eskoletako afera ez dagokiola udalari konpon-tzea. Behingoz hezkuntza sailak hartu behar du. 
Jangelaren lanak bukatu dira baina ekipamendua falta da. 

Horretaz gain, eskaerak egingo zaizkio Jaurlaritzari eskoletan berrikuntzak aurreikusteko. Gauza bat da udalak mantenua egin behar izatea eta beste bat 40 urtetan egin ez direnak guk ordaintzea. Zumaburuko fatxadarekin hasiko gara baina diru eskaera ere egingo diogu Jaurlaritzari. Horretaz gain, Sasoetako fatxada ere egin behar da, Pablo Garaikoetxea eraikineko leihoak aldatu, Landaberriko jantokia eta Andre Joakina Eneako leihoak. 

Atsobakar egoitzarekin gauzak ez doaz ondo. 

2001etik 10 milioi euroko defizita eragin du. Diputazioak ordaindu behar zuena ordaindu du Udalak. Duela bi urte adostasun batera iritsi zen Villabona, Elgoibar, Zumaia, Azpeitia eta Lgurea hartuko zuen Aldundiak. Zergatik? Beste 11 egoitza daude hartzeko baina aipatutako bost hauetan ez dago pertsonala funtzionario gisa eta horrek errazten zuen aldaketa. 

Gure harridurarako, bilera egin genuen Aldundiko ordezkariarekin eta esan zigun lau egoitza hartuko zituela baina kanpo geratzen zela herrikoa. Oinarrian arazoa ekonomikoa da. Aldundiak dio langile asko dagoela dauden egoileentzat baina oraindik gurean badira plazak eta hauek betetzekotan, ratioa orekatuko litzateke.

Berehala erabakitzea eskatu zaio edo bestela auzitegitara joko dugu zerbitzua beregain hartzeko eta baita urte hauetan udalak gastatutako 10 milioiak itzultzeko eskatuz. 

Mercero aretoan zer egingo da? 

Gure intentzioa da museoarekin jarraitzea. Hala ere, garai bateko ideia aldatuta. Alde batetik museo birtual bat osatuko genuke bere lan guztiak jasoz. Baina horretaz gain, etxetik sartu ezin den jendearentzat, fisikoki espazio bat ikusten da ordenagailuekin.

Bestalde, Diputazioarekin landu nahi da egoitza bera Tabakalera proiektuaren eta Andoaingo zine eskolaren parte izateko. Sede bat gehiago ikastaroak, hitzaldiak etab. antolatzeko. 

Noizko alkatea euskaraz? 

Oso perfekzionista naiz. Euskara klaseak jasotzen ditut eta asko hobetzen ari naiz. Ez zait gustatzen hanka sartzea eta horregatik ez naiz ausartzen pausoa ematera. Plenoa euskaraz gidatzen hasi naiz.