Nagusien ohorezko ospakizunak hastear

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 28a

Ostegunean, urriaren 1a, Nagusien omenaldiko ekintzak hasiko dira Biyak Bat elkartean. Bandera altxatzearekin batera ospakizunez betetako zortzi egun izango dira aurretik.

Bandera altxatzearen ostean, txapelketa ezberdinak jarriko dituzte martxan. Mugimendu jokoen txapelketak, hau da, toka, bote eta igela txapelketak Isla plazan izango dira; Biyak Bat elkarteko egoitzan berriz, Bingo txapelketa.

Ostiralean, ibilbide osasungarria egingo da Okendo plazatik egoitzara. Amaitzean, luncha izango dute partehartzaileek. 

Arratsaldean berriz, 'La verdadera historia de Romeo y Julieta' antzerkia izango da Manuel Lekuona kultur etxean.

Bertara joateko asmoa dutenek, kalejira alaian joan ahalko dira egoitzatik hasita Manuel Lekuonara.

Larunbatean, kirola egin eta gorputza mugitzeko aukera izango dute herriko adinduek.

Goizean goiz ibilaldi  neurtua izango da eta bikoteka herrian zeharreko ibilbidea egingo dute.

Arratsaldean, aldiz, dantzaldia eta dantza lehiaketa izango dira Biyak Bateko egoitzan.

Egun handia urriaren 4a izango da. San Pedro parrokian hasiko dira ospakizunak, 11:30eko mezarekin.

Meza amaitu ostean, kalejiran aterako dira Manuel Lekuona kultur etxeraino. Bertan Biyak Bat elkarteko abesbatzaren emanaldia izango da.

Emanaldia amaitu eta Michelingo pilotalekuan Nagusien omenaldiko ohiko bazkaria ospatuko da. Honetan bazkarian izena eman duten pertsona adinduenak omenduak izango dira. 

Azkenik, eguna era ezin hobean amaitzeko dantzaldia izango da Ibai Berriak taldearen eskutik.

Izena ematea

Lehiaketa guztietan izena emateko aukera dago oraindik, martxa neurtuan izan ezik.

Bingo lehiaketako izena emate epea irailaren 30ean amaitzen da. 

Era berean, Biyak Bat ellkarteko kideek gogoratzen dute, ibilaldi neurtuko dortsala eta tiketak urriaren 2ra arte jaso ahal direla.