Ametsak mundura ezagutarazten

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ira. 26a, 14:00
Katxiporretako lagunek 'Txo, Mikmak Txikia' DVDaren argitalpenarekin lotuta, atzo 'Zuhaitzetan itsasora goaz' eta 'Jalgune. Pausoka bagoaz aurrera' erreportajeen emanaldi berezia egin zuten Manuel Lekuonan. Hurbildu ziren herritarrek ederki pasa zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsen abentura berriak ikusiaz eta Albaola, Surfrider edo Jalgune proiektuen berri izan zuten.

Musika, bertsoak, dantza eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak. Ostiralean, 'Txo, MikMak Txikia' DVDaren erreportaje proiekzio berezia egin zen Manuel Lekuona kultur etxean.

Lehenik, Katxiporretako lagunek Isa Fernandez de Agirreren eskutik, alde teknikoan izan dituzten berrikuntzak azaldu zituzten, hala nola, kromaren erabilera.

Jarraian, Jon Maia bertsolaria eta Albaolako kidearekin solasean egon ziren egurrezko ametsa den Albaola proiektuari buruz. Euskal baleontzien historiaz eta arotz ontzigile lanbideaz mintzatu zen. Bertso bat kantatzera ere gonbidatu zuten pailazoek.

'Zuhaitzetan itsasora goaz' erreportajean Albaola proiektuaz gain,  pailazoek Surfridereko lagunekin itsasoa eta itsasertza garbi mantentzearen garrantziaz hitz egin eta haien lana erakusten dute. 

Gazteak ezagutu

Bigarren erreportajean, 'Jalgune. Pausoka, bagoaz aurrera' Lasarte-Oriako Jalgune elkartea osatzen duten lagunak eta elkartean egiten den lana ezagutu ahal izan zuten.

Aurretik, elkartean praktikak egin eta begirale izatea erabaki duten Noelia eta Manexekin hitz egin zuten elkarteari buruz. 

Emanaldia amaitzeko, pailazo eta Jalguneko lagunek 'Pausoka pausoka' abestiarekin dantzan jarri zituzten guztiak.

Bai Jon Maiak, baita Jalguneko lagunek ere eskertza oroigarria jaso zuten Katxiporretako lagunen esku.

Solasaldia

Erreportajeak ikusi ostean, kafetegian Jalgune elkarteari buruzko solasaldi txikia egon zen. Izan ere, Albaolan zegoen ekitaldi bat zela eta, Jon Maia ezin izan baitzen mahai ingurura geratu. 

Honetan Pili Bermejo elkarteko begiraleak elkarteak egiten duena azaldu eta kafetegian zeuden herritarren galderak ere erantzun zituen.

Honetaz gain, Katxiporretako lagunei ere eskerrak eman zizkien proiektu honetarako haiekin gogoratu izanagatik.

Azkenik, luntxa dastatu zuten guztiek.

Ekitaldiko irudi gehiago multimedia saileko Argazkiak eta Bideoak ataletan.