Katalunian bizi diren lasarteoriatarrak
Eli Otaño
Hiru urte daramatza Elik Bartzelonan. Sarriá auzoan bizi da bera eta bertan independentismoaren aldeko iritzia nagusi dela dio “auzotik auzora alde handiak daude. Jendearen ahotan ez dago besterik”.
Giroa nahasia dela dio lasarteoriatarrak “hedabideetan ez dago besterik. Lehenengo albistea Kataluniari buruzkoa izaten da albistegietan baita azkena ere. Momentu honetan marrazki bizidunak ikusteko gogoa ematen du, ia jasangaitza da eguneroko albiste jario hau. Gainera beldurraren kanpainan oinarritzen ari dira”.
Jende askorengan eragina izaten ari dela iruditzen zaio Eliri. “Jendeak sinistu egiten du telebistak esaten duena, ia dena da corralitoa, Kataluniatik joango diren enpresak, lehortea,... alderdien diskurtsoetatik at, edozerk balio du kanpainan eragiteko”.
Igandeari begira “irrikitan nago eguna pasatzeko. Independentziaren aldekoek irabaztea nahi nuke. Dirudienez, azken inkestek diote hauek irabaziko dutela nahiz eta ozta-ozta izan. Ikusi beharko da azkenean zer gertatzen den. Ni itxaropentsu nago”.
Berarentzat berria izan da Katalunian independentziaren alde dagoen sentimendua hain zabalduta dagoela ikustea. “Pentsatzen nuen euskaldunon borroka zela independentziarena baina hemen oso barneratuta dago nazio izatearen sentimendua. Helburua lortzeko kalera atera dira modu masiboan, gogo handia dute eta hala erakutsi dute”.
Gaia Euskal Herrira ekarrita, Gure Esku Dago egitasmoaren helburua bera izan arren, alde handia dagoela dio. Bi gizarteei erreparatuta diferentziak daudelako.
“Esango nuke euskaldunon kasuan urrun gaudela oraindik Kataluniako prozesutik. Jendea mobilizatu eta etxetik ateratzeko gaitasuna erakutsi da. Gurean oraindik ez da lortu halakorik. Ibarretxe saiatu zenean jan egin zuten, gizartearen babes sendo bat ere ez zuen izan lehenengo urrats haietan. Hemen ordea, gizarteak prozesua bultzatu du”.
Saioa Manich
Saioa Manich Gartziandiak lotura estua du Lasarte-Oriarekin, ama herrikoa izanda bolada luzeak pasatzen ditu gurean. Sant Celoni herrian bizi da.
Honen ustetan kanpainan alderdi ezberdinetako kideek erabilitako argudioek “beldurra eragin dute jende askoren artean, corralitoarena mina egin duela iruditzen zait”.
Igandean ezezkoak irabaziko duela iruditzen zaio, “Diada egunean argi esango nuke baiezkoa sendoa gailenduko zela baina kanpainan entzundako hainbat diskurtsok jendearen beldurra eragin dute. Ekonomia alorrean hedabide zein alderdiek gogor dabiltza esanez Kataluniaren gainbehera litzatekeela eta azkenean, lortu da jendea baiezkotik aldentzea”.
Diada egunean eta aurretik ere nazionalismoaren sentimendua bere puntu gorenean zegoela dio Manichek. Egun horietan giroan, jendearen elkarrizketetan, independentziaren aldarria inoiz baino ozenagoa zen “kanpainan indarra galtzen joan da”.
Saioak argi dauka nazionalismoaren indar hau jendearen neketik datorrela “Katalunian azken urteetan, agian krisi ekonomikoak eraginda, nazionalismoa indartu da eta alderdiek jakin dute hori erabiltzen. Jendea erreta zegoen Madrilgo gobernuarekin, oinarrian ekonomia dago, erkidegoen arteko diru banaketa eta eskumenetan. Jendeak Independentziarekin aukera ikusi du Madrildik aldentzeko eta erabaki gunea Katalunian jartzeko”.
Katalunian lehenengo aldia da independentziaren aldeko sentimendua hain indartsu nabaritzen duela “Euskal Herrian bai, nazionalismoak gizartean pisu handia du eta jendearen sentimendua ere oso fuerte nabaritu dut beti. Hemen aldiz, Diada egunean besterik ez nintzen jabetzen hortaz, beste modu batera bizitu da eta oraingoa berria da niretzat ere”.
Eneko Arteaga
Enekok 16 urte daramatza Katalunian, horietatik 12 Gironan. Hauteskunde hauek bereziak direla dio “ez independentziaren erronkarengatik bakarrik, nahiz eta denbora osoan horretan zentratuta egon. Baita ere, alderdi politiko eta politikari berriak daudelako. Hauen proiektuak, hauen estrategiak, arazoei aurre egiteko era, beraien arteko akordioak... interesgarriak iruditzen zaizkit. Ustekabe bat baino gehiago egongo da 27a eta gero”.
Eguneroko elkar bizitzan, herritarren arteko giroan ez dagoela aldaketarik dio. “Jendearen arteko harremana berdin jarraitzen du. Eguneroko bizitzan nahiko arazo badaude beste bat gehitzeko. Politikari batzuen estrategia da elkarbizitza aztoratzea boto batzuk urratzeko. Gaur egun politikan denak balio du”.
“Nire ustez, Madrilgo politikak ez du Katalunia bakarrik urrundu, baita beste erkidegoak ere. Begi guztiak Katalunian daude ipinita, baina ezerosotasuna Espainia guztian zabaldua dago, Valentzia, Balear irletan... Denek arazoak dituzte Madrilgo politika zentralistarekin”.
Emaitzei dagokionez, “ez dakit baiezkoak irabaztea lortuko duen. Gehiengora iristekotan, oso gutxirengatik izango da. Alderdi politiko gehiago daude independentistak ez direnak. Alderdi hauek, gizarteak dituen eguneroko arazoetan buru belarri lan egiten ari dira. Honek ere bozka-tzeko momentuan bere pisua du”.
Euskal Herriaren egoerarekin alderatuz, “ezin da herrien arteko konparaziorik egin. Bi herrien egoera politikoa eta gizartea ezberdinak dira. Ezin da Katalunian gertatzen dena beste herrialde batera eraman. Egitasmo berdinek ikuspuntu ezberdinak dituzte eta ikuspuntu ezberdinek, lan egiteko era ezberdina eskatzen dute. Proiektu hau dagoen bezala Euskal Herrira eramatea, nire-tzako akats handia izango litzateke. Ondorioak ez lirateke onak izango”.
Lasarte-Orian bizi diren katalanak
Isaac Farré
Herrian hiru urte daramatza, nahiz eta urte gehiago izan hemendik daramatzanak, Euskal Herritik. Asko gustatzen zaio politika “ikusle bezala bizitzeko” hori dela eta kanpaina jarraitzen ari da. Bere ustez igandeko hauteskundeak erabakiorrak dira bai Espainiarentzat baita Kataluniarentzat ere. “Hala ere, aitortu behar dut gehien axola zaidana astelehenetik aurrera gertatzen dena dela. Nola kudeatuko dituzten emaitzak alderdi zein bi gobernuek”. Bere ustez baiezkoaren aldekoak askoz gehiago mobilizatu dira eta indarra egiten ari dira.
Independentismoaren aldeko aldarriak PPk berak sustatu zuela defendatzen du Farrék. “PPk Kataluniako estatut-aren erreformaren aurka helegitea konstituzionalean jarri zuenean orduan hasi zen pizten mugimendu guzti hau. Ordurarte isilean zegoena. PPk min asko egin dio sentimendu katalanari eta horri erantzuna da oraingoa. Alderdi ekonomikoak ere badu zerikusia baina aipatutakoak pisu gehiago izan duela iruditzen zait”.
Espainiako gobernuak ez du ulertu zer zegoen Katalunian, independentziaren aldarriak babesik ez zuela uste zuen eta ez dio atentziorik jarri. Orain beranduegi da eta 'arazoa' handia. Kanpainan zarata gehiegi sortu dela dio Isaac-ek. Beldurraren kanpainak bozka erabaki gabe duten horiengan eragina izango duela argi dauka baina baiezkoak indarra duela uste du.
“Kataluniaren estatusa Europan aitortzea nahi nuke. Jarraitu behar badute duela 40 urteko estatu modelo bat inposatzen, argi daukat Katalunia independe bat nahi dudala. Hala ere, informazio asko falta zaigula iruditzen zait”.
Anna Martorí
Anna Martorí herrian bizi da duela ia zazpi urte. Katalan honek hauteskunde kanpainako azken egunak ikusminez bizi dituela aitortzen du. “Izugarrizko gogoa daukat ikusteko igandean zer gertatzen den. Emaitzak ikusteko irrikaz nago”.
Zehazki 'Junts pel Sí' taldea osaketa gertatzeko zer jazo den azaltzeko ez da gai baina espero du alderdi eta eragileen arteko elkarketa honek “asmo politikoetatik haratago, herriaren identitatea osatzen duen kultura, sentimendu eta tradizioa defendatu eta babesteko helburua izatea”.
Bertako lagun eta senideen artean emozioa nabaritzen duela dio. “Jendeak ez daki oraindik zer gertatuko den igandean ezta ondoren ere, baina esango nuke jendea gogotsu dagoela sinisten duten Katalunia horren alde egiteko”.
“Nik harremana dudan jendeak independentziaren aldeko bozka emango du. Hala ere, gehiengoak zeren alde egingo duen ez nuke jakingo esaten”.
Hedabideetan ari da jarraitzen kanpaina eta Martorí-ren ustetan inkestek esan bezala, gehiengorik gabeko baiezko bat izango da igandeko emai-tza “hainbesteko zalaparta egon ez balitz agian baiezkoaren aldeko erantzun handia egongo litzateke. Baina gauzak horrela, juxtu-juxtu izango da baiezkoaren aldeko emaitza nire ustez”.
Euskal Herriko eta Kataluniako errealitateak ezagututa, herritarrari iruditzen zaio “han jendea oso erreta dago, gogotsu eta itxaropentsu dago prozesuarekin”. Hemen ordea ez du halako jarrera nabaritzen.