Denboraldi polita aurretik

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 25a

Ilusioz beteta ekin diote entrenatzeari LOKEko atletek. Azarora arte ez dira lehiatuko, baina iraila hasieratik daramate jo eta su entrenatzen. LOKEko prestatzaile Amaia Andresekin hitz egin du Txintxarrik, klubaren inguruko nondik-norakoak ezagutzeko.

Batek baino gehiagok hori pentsa dezakeen arren, Michelingo kirol guneko pista gorri bakarra ez da futbol zelaia inguratzen duena, metro gutxi batzuetara beste bat baitago, frontoiaren eta harmailen artean. LOKEren atletismo alorraren 'sukaldea' da. Errezetak, honakoak: ilusioa, grina eta egunero hobetzeko gogoa. 

Atletismo pistara hurbiltzen denak federatuak ikusiko ditu jo eta ke entrenatzen, Amaia Andres eta Oscar Goikoetxea prestatzaileen begiradapean. Lan-saioei iraila hasieran ekin zieten, azaroan hasiko diren konpetizioei begira.

Emakumezkoak dira atleta horien gehiengoa, eta atzetik datozen gaztetxoen artean ere bai. “Klub osoaren %90 inguru” dira emakumeak, Amaia Andresek zehaztu moduan.

Gaztetxoak aipatuta, esan daiteke etorkizuna bermatuta daukala klubak: "14 eta 15 urte bitarteko atleta talde oso polita daukagu, beteranoagoak direnen lekukoa hartuko dutenak, hauek apurka-apurka utzi egingo baitiote entrenatzeari". Horrez gain, herriko ikastetxeetako haur dezentek eman dute izena aurten, atletismoan murgiltzen hasteko.

Iazkoa oso denboraldi ona izan zen LOKEko atletentzat; erakutsitako maila mantentzea da helburua aurten, Amaia Andresen esanetan: “Norbanako ikuspuntutik, gutxieneko markak egitea eta Espainiako txapelketetara sailkatzea dira xedeak”. Indibidualki lan oso ona egin zuten iaz. Kolektiboki ere bai: LOKEko neskak bigarren izan ziren Gipuzkoako kluben sailkapenean.

Aurtengo berrikuntzak

Modan jarri da korrika egitea herritarren artean. Gero eta gehiago animatzen dira lasterketa herrikoi zein maratoi erdien gisako probetan parte hartzera. Hori kontuan hartuta, LOKEk lasterketa horiek prestatzeko aukera eskainiko die aurten hala nahi dutenei. 

Proba horien alor guztien inguruan emango dute aholku LOKEko kideek: zein estiramendu egin eta nola, txip-ak eta antzekoak nola jarri, etab. Aholku eman eta prestaketa diseinatzerakoan “kontutan” hartuko dute korrikalariaren esperientzia, Amaia Andresek jakinarazi duenez. 

Interesa dutenek 667 048 756 telefonora deitu edo astelehenetik ostegunera atletismo pistara joan daitezke, 17:30etik 19:00etara.

Bestalde, herriko ikastetxeetako ikasleak (8 eta 9 urteko benjaminak) datorren ostiralean hasiko dira entrenatzen, 17:30ean. Eskaintza Sasoeta eta Landaberritik harago doala ohartarazi du Amaia Andresek: “Ikasle asko daude lasarteoriatarrak direnak baina beste herri batzuetan ikasten dutenak; gure klubaren ateak irekita aurkituko dituzte haiek ere, izena eman eta gurekin entrenatzen hasteko”.