Kukuka antzerki eta dantza eskola lanerako prest

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 25a

Astelehenean hasiko du 2015-2016 ikasturtea Kukuka antzerki eta dantza eskolak. Kontxu Iartza antzerki arduraduna, Maider Oiartzabal dantza arduraduna eta Uxue Loinaz iraskaslearekin izan gara ikasturte honetako nondik norakoak azaltzeko.

Urtero legez, adin ezberdinetarako eskaintza zabala du eskolak, bai dantza baita antzerki alorrean ere.

HH5 eta LH3 maila arteko haurrek euskal dantzak ikasten dituzte eta LH4tik aurrera berriz, euskal dantza-sorkun-tza saioak dira. Gainera, DBH1etik aurrera dantza garaikidea ere eskaintzen da. 

Antzerkiari dagokionez, LH1etik helduetaraino daude mailakatuak taldeak.

Helduen taldeak

Kontxuk adierazi digunez, gero eta talde gehiago ditu eskolak. 

Horregatik, talde berriak osatzen doaz eta helduen antzerki taldean eta dantza garaikideei taldeetako batean jendea behar dela jakitera eman du.

Honetaz gain, antzerkia arloan gazteen taldeak indartu direla eta beste talde bat osatzen ari dela ere aipatu du Iartzak.

Eta talde batzuetan, mailak nahastuko dituztela aurreratu du. “Esperientzia berriak dira”.

Dantza eta antzerki eguna

Hau guztiaz gain, azken urteetako ohiturari jarraikiz, Kukuka eskolak antzerki eta dantza eguna ospatuko duela jakitera eman digute. 

“Martxoak 27 eta apirialak 29 oso esanguratsuak dira guretzat. Kalera aterako gara egunak ezagutarazteko eta jendearekin elkarbanatzeko. Zerbait berritzailea egingo dugu, baina oraindik zehazteko dugu”, jakitera eman du Oiartzabalek.

Honetaz gain, dantza topaketak ere egingo dituztela aipatu dute. 

Transmisioa

Bestalde, Kukuka zaletasuna sustatzeko elkartea dela eta etengabe berritzen doala aipatu digu Maider Oiartzabalek. “Erne eta esna gaude zer funtzionatzen duen jakiteko. Gainera, irakasle berriek ere haize freskoa dakarte. Proposamen berriak egiten dituzte”.

Uxue Loinaz irakasleak aipatu duenez, “irakasleon artean, harremana sendoa da eta elkarri laguntzen diogu. Familia txiki modukoa da. Eta horrek herrigintza egiten laguntzen du. Orain eskola handitu da, baina hasierako izaera mantentzen da”. 

“Ikasleak irakasle dira egun eta oso positiboa da emozionalki transmisio bat egitea lortu dugula. Hurrengo belaunaldiari transmisioa egitea ere bermatu da. Altxorra hor dago. Eskolaren filosofia, jendearen ongizatea lantzea da eta,” azpimarratu du Maiderrek. 

Lokal beharra
Honela izena emateko edo informazioa eskuratzeko 655 847 345 telefonora deitu edo kukukaeskola@hotmail.com helbidera mezu bat bidali behar da. Eta  honen harira, Kukukako lagunek lokal baten beharra dutela azpimarratu dute.

“Herritarrek gurekin zuzenean harremanetan jartzeko eskatzen digute eta ez dugu leku fisikorik horretarako. Jendeak leku erreferente bat izatea ongi legoke” aipatu du Kontxuk. 

“Asko erraztuko liguke lana bulegotxo batek, ze lana etxera eramaten dugu askotan”, adierazi du Oiartzabalek. 

Baina hau lortu ezean lanean jarraituko du eskolak eta aurten ikuskizunetan ezustekoak egongo direla aurreratu dute.