GUREAKek 40 urteurrena ospatzeko tailer ibiltaria jarri du martxan. Honen helburua desgaitasuna hurbildu eta jokoaren bitartez desgaitasun ezberdinak ezagutzera ematea da.
Gaur zabaldu da Antonio Mercero aretoan eta larunbata bitartean izango da aukera hau ikusteko.
Honen ordutegia gaur 10:30tatik 13:30era eta 16:00tatik 18:30ra izango da eta larunbatean 10:00etatik 13:30ra.
GUREAK-etik azaltzen dutenez, tailerraren xedea desgaitasuna duten pertsonek egunerokoan topatzen dituzten oztopoez ohartaraztea da.
Horretarako hiru jokoz baliatzen da tailerra, haurrei eta gazteei bereziki zuzendutako dinamikak, baina publiko orokorrarentzat interesgarriak.
Lasarte-Oriako GUREAK lantokietako pertsonek gidatuko dituzte tailerrak bisitari eta desgaitasuna duten pertsonen arteko harremana estutzeko asmoz. Bost talde dira atzo eta gaur artean enpresatik tailer eta erakusketara hurbilduko direnak.
“Prestatutako dinamiken bitartez bisitariek desgaitasun fisiko, sentsorial edo intelektuala edukitzea zer den sentitu ahal izango dute eta, aldi berean, balioan jarriko dute kolektibo hauentzat laguntza egokiak izatea zein garrantzitsua den”, euren autonomiarentzat lagungarria den laguntza azpimarratzen dute.
Honetaz gain, enpresan egiten duten lana ere eraku-tsiko diete Mercero aretora hurbiltzen diren herritarrei.
Erakusketa
Tailerrekin batera GUREAKen ibilbidea jasotzen duen erakusketa ikusi ahal da.
Honetan jasotzen da 70eko hamarkadan guraso talde batek tailer txiki bat martxan jarri zuenetik gaur egun bilakatu den enpresara arteko ibilbide luzea. Egun 5.000 lagunek egiten dute lan honetan.
Hainbat jarduera eta esparrutan lan egiten du GUREAKek; elektronika, kable prozesatua, logistika, lorezaintza, garbiketa edo marketing-a dira horietako batzuk.
Eta Lasarte-Oriako enpresaren garapeneko hainbat argazki ere erakusten dituzte.
150 lagun Lasarte-Orian
Izan ere, Lasarte-Orian badu presentzia enpresa honek.
Industriaren esparruan, Lasarte-Oriako lehenengo tailerra 1990. urtean zabaldu zen Zirkuito ibilbidea, 16. Ibaiondon. Hasiera batean 80 pertsonekin. Tailer horren lehenengo bezeroak izan ziren Tesa, Goenaga, Indaux eta Kraft enpresak.
Egun, herrian batik bat, automobilgintza eta jasotze esparrutako kableatuak egiten dira. Bezero nagusiak Valeo Iluminación, Magneti, Marelli, ABL eta Thyssen Krupp direlarik.
Zerbitzuen alorrean berriz, GUREAK berdeak Michelin enpresaren lorategien mantenua egiten du eta garbiketa esparruan, kiroldegiko eta kultur guneko garbiketaz arduratzen da. Bestalde, Michelin enpresaren garbiketa eta Lasarte-Oriako Matia Fundaziokoa ere egiten ditu.
Ibilbide oparoa
GUREAK 1975. urtean sortu zen ATZEGIren eskutik, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko elkartea.
Azaltzen dutenez, “garai hartan, inork ezin zuen imajinatu GUREAK 5.000 pertsonez osatutako enpresan bihurtuko zenik, horietatik %83 desgaitasun batekin”.
“Lau hamarkada hauetan lan aukera egonkorrak sortzeko lan egin da, bereziki adimen desgaitasuna duten pertsonentzat”. Halaber, gizarteari erakutsi nahi izan dio enpresak kolektibo hauek badutela lan jarduera ezberdinak garatzeko gaitasuna ere.
Pertsona bakoitzari egokitutako lanpostua aurkitzea izan da GUREAKen erronka handienetakoa eta honek eragin dio bere jarduerak dibertsifikatzea, eta lana egun dauden lau ataletan antola-tzea (Industrial, Zerbitzuak, Marketing eta Itinerary).
“Aurten GUREAKek bere 40 urteurrena ospatu nahi du; bide berriak irekitzen, berritzen, ekimenak sustatzen eman dituen urteak, egun bihurtu den enpresa eredura iritsi arte, eredu dinamiko, ekonomikoki jasangarri eta eraginkorra”.
40 urteurreneko jarduerak GUREAK Gosariekin jarri ziren martxan. Topaketa hauetan jende ezberdina batu zen GUREAKen ereduari buruz eztabaidatu eta hausnartzeko.
Ospakizun honen baitan, urtean zehar beste hainbat jarduera jarriko dira martxan, guztiak GUREAKen filosofia, izaera eta lana ezagutzera emateko helburuarekin aipatzen dutenez.