Udalak prestatu ditu hasi berria den udazkenean Gaztelekuan zein Manuel Lekuonan eskainiko dituen ikastaroak. Horiek aurkeztu dituzte gaur Gaztelekuan; bertan izan dira Jesus Zaballos alkatea, Maite Iglesias Kultur zinegotzia, Txus Alonso Gazteria eta Festak saileko arduraduna eta Xabier Goitia kultur teknikaria.
Txus Alonsok azaldu duenez, herriko bi institutuetan galdeketak egin dituzte gazteen iritzia jakin eta ikastaro-sorta haien nahietara ahalik eta gehien doitzeko. Hori kontutan izanik, zazpiko zerrenda bat osatu dute: skate-taulak konpontzeko tailerra, gitarra ikastaroa, globoflexia tailerra, modelaketa eskaiola erabiliz, 'shuffle' dantza, GPS-aren erabilera eta 'Bollywood' dantza.
Irailaren 28tik aurrera ahalko dute izena eman herritarrek Gaztelekuan bertan, urriaren 7ra bitartean. Herrian erroldatuta daudenek 8,10 euro ordaindu beharko dituzte eta 16,10 erroldatuta ez daudenek. Urriaren erdialdean hasiko dira horiek denak, 14tik 17ra bitartean eta abenduan amaituko dira, 16tik 19ra.
Manuel Lekuonako eskaintza
Gaztetxoentzat bakarrik ez, helduentzat ere antolatu ditu zenbait ikastaro eta tailer udalak: Oroimen tailerra, Literatura tailerra eta 'Barreterapia' izenekoa. Manuel Lekuona kultur etxean emango dira horiek denak. Izena eman nahi dutenek irailaren 28tik urriaren 7ra bitartean egin ahalko dute egoitza horretan bertan. 27,90 euro ordaindu beharko dituzte erroldatuek eta 49 ez-erroldatuek.
Urriaren 16an hasiko dira Literatur tailerra eta Barreterapia ikastaroa, eta abenduaren 18an bukatu. Oroimen tailerra beranduxeago hasiko da, urriaren 19an, eta lehenago bukatu: Abenduaren 14an.
Gaztelekukoen zein Manuel Lekuonakoen kasuan, apuntatzen direnen eskaeren arabera erabakiko dute saioak zein hizkuntzatan emango dituzten, euskaraz zein gaztelaniaz.
"Gertuko zerbitzua"
"Herritarren eskaeraren araberako eskaintza egiten saiatu gara, zerbitzua ahalik eta gertukoena izan dadin". Jesus Zaballos alkatearen hitzak dira. "Udalaren zereginak ez dira herritarren oinarrizko beharrak asetzea bakarrik, baita aisialdiarekin lotura dutenak ere. Espero dugu harrera ona edukiko dutela prestatu ditugun ikastaroek", gaineratu du.