Gaur goizean, Udal euskaltegiko ikasturte hasieraren berri eman dute Jon Antxordokik Euskara Batzordeko lehendakariak eta Pili Galanek, euskaltegiko zuzendariak.
Agerraldian azaldu dutenez, 123 ikaslek eman dute izena aurten euskaltegian. Iaz bezala, 12 talde osatu dira eta hauetan 105 ikasle egongo dira ikasturtean zehar euskara ikasten.
Hauetaz gain, 17 lagunek autoikaskuntza ikastaroa egingo dute. Ikastaro hau euskategira joan gabe gauzatu daiteke. "Herritarren interesa piztu du, nahiz eta emaitza onalk lortzeko autodiziplina handia eskatzen duen," azpimarratu du euskaltegiko zuzendariak.
Jon Antxordoki zinegotziak azpimarratu duenez, iazko zenbakiak hobetu dira eta helduen euskalduntzeari bultzada berri bat eman zaio herrian. Horregatik, "oso gustura gaude ikasturtea horrela hasi izanarekin" adierazi du.
Taldeak lanean hasi badira ere, interesa duen edonor erantsi daiteke taldeetan. Maila guztietako taldeak daude. Esate baterako, EGA prestatzeko mailaren inguruan dauden ikastaro gehiago daudela azpimarratu dute. Eta aukerarik balego, autoikaskuntza sisteman ikasteko eskaera egin daiteke.
Laguntzak
Hau guztiaz gain, Euskara Zerbitzuaren Ondo ibili beka-sistemari esker, %85a arteko dirulaguntza eskuratu dezaketela gogoratu dute.
Lasarte-Oriako euskaltegietako talde arruntetan, udako ikastaroetan, autoikaskuntza ikastaroan edo barnetegi batean parte hartu duten ikasleei zuzendutako laguntza da.
Interesatuek honako baldintza hauek bete behar dituzte: Lasarte-Orian erroldatua egon, 16 urte beteak izatea eta gutxienez %85eko asistentzia gainditzea.
Eskaera dagokion ikastaroa bukatu eta hurrengo 15 egunen barruan aurkeztu behar dute interesatuek.
Euskara sustatu
Bestalde, Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzuak euskarazko komunikazioa hobetzeko laguntzak jarri ditu aurten ere elkarte eta merkatarien eskura.
Fatxadako errotulua, bestelako errotulazioa, irudi korporatiboa, web orria, programa informatiboak eta kanpo erabilerarako dokumentazioa euskaratu nahi duten elkarte edo merkatariek aukera dute eta %50ko diru laguntzak eskuratu ahal dituzte. Esate baterako, web orrialdea euskaratu nahiez gero, 450 euroko laguntza jaso dezakete.
Laguntza hauetaz gain, testu zuzenketa, itzulpenak edo euskarazko kartelak ere eskuragarri dituzte Euskara Zerbitzuan.
Laguntza hauei guztiei buruzko argibiderik jaso nahiez gero, jarri harremanetan Euskara Zerbitzuarekin, 943 37 61 84 telefonora deituz edo m.gorostiza@lasarte-oria.org helbide elektronikoaren bitartez.