Herrian 17 urte egin ostean, horietatik zortzi San Pedro elizako parroko bezala, Donostiako San Bizente elizara doa. Gaurko meza berezia izan da Andonegirentzat. Mezan azaldu bezala, apaiz faltak bultzatuta, Donostiara mugitu dute eta aurrerantzean bere lekua hartuko dute Juan Luis Muruak eta Usurbilgo apaiza den Ibon Alberdik. Bien artean dauden parrokiak kudeatuko dituztelarik.
Andonegik esker oneko hitzak izan ditu Lasarte-Oriarentzat. Bereziki eskerrak eman zizkien igandero mezara joaten diren herritarrei, haiek gabe bere lanak zentzurik ez zuelako izango. Horretaz gain, herrian maitatua sentitu dela esan du. Andonegi Brigitarren komentura iritsi zen duela 17 urte. Bere lehenengo parrokia Eibarren izan zuela kontatu du eta han sei hilabete soilik egin ostean, Seminarioko zuzendaritza hartu zuen. Garai hartan iritsi zen hain zuzen gurera. Don Ramon ordezkatzeko ardura eman zioten.
Omenaldia
Mezan alkatea eta hainbat zinegotzi egon dira apaiza agurtzeko. Bosteko koruak girotu du ofizioa eta hauek lagunduz izan dira Su Berri akordeoi orkestrako zenbait kide.Horretaz gain, ezustean, agurra ere eskaini diote apaizari hiru dantzarik. Meza bukatzean, bazkaria egin dute apaizarekin herrian egindako ibilbideari amaiera emateko.