Bizikletek hartu dute Okendo plaza gaur arratsaldean. Mugikortasun Astearen baitan 'Bizikleta festa' delakoaz eta bigarren eskuko bizikleten azokaz ari dira gozatzen herritarrak.
Gaztetxoenek bizikletak trastero eta garajeetatik atera eta herrian zehar bi ibilbide egiteko aukera izan dute, Ttakun Kultur Elkarteko begiraleen laguntzaz. Ibilbide motza aukeratu dutenak 16:30ean atera dira Okendotik bertatik, eta 17:00etan ibilbide luzea burutzera animatu direnak. Horrez gain, bizikleta eta abilezia uztartzen dituzten jokoez gozatzen ari dira haurrak, arratsalde osoan zehar: bizikleta gainean ibili bitartean makiltxo batekin oihal zati bat hartzea, uztai bat kono batean sartzea, balantzin batetik pasatzea edota baloi bati ostikoa eman eta ate barruan sartzea.
Bien bitartean, herritar ugari ari dira hurbiltzen bigarren eskuko azokara. Herritarrek hainbat bizikleta eraman dituzte saldu edo trukatzeko, eta aukera baliatuz batek baino gehiagok gustoko bizikleta hartu eta probatzen ari da, erosi ala ez erabaki aurretik. 19:30ak arte egongo da irekita merkatutxo hori.
Ikastaroa astelehenean
Datorren asterako ere antolatu dira ekintza batzuk Mugikortasun Astearen barruan. Astelehen arratsaldean ikastaro teoriko-praktiko bat egingo dute, 18.30etatik 20:00etara. Oraindik badaude plaza libreak; interesa dutenek 943 67 02 49 telefonora hots egin beharko dute erreserba egiteko, mugatuak baitira toki horiek.
Azkenik, asteartean 'Muittu Manttangorri' herriko autobus zerbitzua doakoa izango da erabiltzaileentzat.
Ostegun eta ostiraleko ekintzetako irudiak bildu ditu Txintxarrik argazki galeria honetan.