Pailazoen ekitaldi berezia

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ira. 18a, 18:32
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak Euskal Herrian zehar ibili dira 'Txo, Mik Mak Txikia' ikuskizunarekin. Antzerki edo aretoetan ikusi ahal izan ez dutenek, orain DVDa dute eskuragarri. Honen harira, herriko pailazo bihurriek ekintza berezi bat antolatu dute ostiralean, 19:00etatik aurrera, Manuel Lekuona kultur etxean.

Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx' eta Mertxe Rodriguez  'Marimotots' Jalgune elkarteko lagunekin bildu ziren ostegunean ekimen berezi bat aurkezteko. 'Txo, MikMak Txikia' ikuskizunaren DVDaren argitalpena dela eta, erreportaje proiekzio eta mahai-ingurua egingo da Manuel Lekuona kultur etxean.

DVDan Gorriti eskultorea, Albaola proiektua, itsasoaren osasunari buruzko 'Zuhaitzetan itsasora goaz' eta Lasarte-Oriako Jalgune elkarteari buruzko erreportajeak daude eta azken bi hauek hurrengo ostiralean, irailaren 25ean Manuel Lekuonan ikustera emango direla eman zuten jakitera agerraldian.

 Joxe Mari Agirretxek azaldutakoaren arabera, “bi erreportaje hauek eskainiko dira festa baten barruan. Bertan, Jon Maia bertsolaria eta Albaolako kidea izango da lehen erreportajeari buruz hitz egiteko eta Jalguneko lagunak ere izango dira.”

Agirretxeren aburuz, “Jalgune proiektua, azken urte eta hamarkadan gertatutako gauzarik garrantzitsuenetarikoa da. Herriari indarra eta harrotasuna ematen diote eta guztia balioetan oinarritua, laguntasuna, alaitasuna... eta hau jendeak ezagutzea nahi dugu.”

Izan ere, Porrotxen hitzetan, “Jalgunerean erreportajea egiten oso ondo pasa genuen. Emozionatu eta irri asko egin genuen. Hori islatzen da eta uste dugu jendeari bihotza handituko zaiola ikustean.”

Iñaki, Javi, Marga eta Josu Jalgune elkarteko gazteek, pailazoiei eskerrak eman zizkieten haiengan pentsatzeagatik. Erreportajean parte hartzea asko gustatu zitzaiela eta oso ondo pasa zutela ere jakitera eman zuten.

Honetaz gain, emanaldi berezia honetan antzerkia eta dantza egingo dutela aurreratu zuten. 

Hausnarketa

Proiekzioen ostean, 20:00etan,  mahai-inguruan hausnarketa egiteko hitzordua izango da. 
“Patata eta azeituna batzuen inguruan solasaldia izango da. Euskal Herrian eta Lasarte-Orian ereindako bi proiektu edo amets egia nola bilakatu diren aztertuko da,” azaldu zuen Agirretxek.

Sarrerak

Pirritx, Porrotx eta Marimotsek eta Jalgune elkarteko lagunek herritarrak gonbidatzen dituzte ekintza berezi honetan parte hartzera eta DVDko erreportajeak ikusteko sarrerak beharko direla jakitera eman zuten, “sarrerak egunean bertan jarriko dira eskuragarri.”