Aldundiak ez du Atsobakarreko erresidentziako eskumena bereganatuko

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ira. 18a, 13:00

Atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiko Erakunde Publikoen Zuzendari Nagusia, Elena Basagoiti izan zen Atsobakar erresidentzia. Bertan Jesus Zaballos alkatearekin bildu zen Atsobakar erresidentziaren egoerari buruz hitz egiteko. Atsobakar erresidentzia Udalaren eskumen izaten jarraituko du. Lasarte-Oriako Udala eta Foru Aldundiaren arteko liskarra 2001 urtean hasi zen.

Jesus Zaballos alkatea Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria eta eta erresidentziako zuzendariarekin batera  Elena Basagoiti Gipuzkoako Foru Aldundiko Erakunde Publikoen zuzendariarekin bildu zen atzo, Atsobakar erresidentzian. Honen helburua Foru Aldundiak Udalarekin hitzartutako eskumen aldaketa egitea eskatzea zen.  

Komunikabideei Udalak helerazitako prentsa oharrean dioenez, herriko ordezkarien harridurarako Aldundiak Atsobakar erresidentzia bere gain hartuko ez duela jakitera eman zion alkateari. Aldundiak hitzartutako 5 erresidentzietatik 4 bereganatuko ditu eta beraz, Atsobakar kanpoan geratzen da. 

Honetaz gain, Aldundiak eskumen aldaketa egiteko datarik ere ez duela eman adierazten da oharrean.

Onartezina

Lasarte-Oriako alkateak Aldundiaren planteamendua onartezina dela azaldu eta Atsobakar erresidentziaren bereganatzea lehenbailehen egiteko eskatu zion Gizarte Zerbitzuetako zuzendariari. 

Izan ere, horrela eginez gero, erresidentzia Foru Aldundiak ekainerako egin nahi duen lehiaketa orokorrean sartuko bailitzateke.

Eskaerak eta arazoak

Honetaz gain, alkateak eguneko zentroan libre dauden 21 plaza eta erresidentziko beste 15 betetzeko eskaera ere egin zion Aldundiari. Udalaren ustez, herrian dagoen itxaron zerrenda luzea da eta Aldundiak ez du irtenbiderik ematen.

Era berean, Udalak erresidentzian bizi den ziurgabetasun egoera eta honek dakartzan arazoak azaldu zizkioten Aldundiko arduradunari.

“Gaur egun ez dute lan hitzarmenik eta sukaldaritza langile eta besteen arteko soldata-diferentzia oso handia da”, adierazi du Udalak.  

Konponbidea laster

Jesus Zaballos alkateak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzuna azkarra izatea eta hitzartutako konpromezuak betetzea espero du.

Izan ere, Foru Aldundi eta Lasarte-Oriako Udalaren arteko liskar hau 2001 urtean hasi baitzen eta geroztik Udalak 10 milioi euro galdu baitu honetan.

Konponbiderik egon ezean, Jesus Zaballos alkateak epaitegietara joko dutela jakitera eman zion Elena Basagoiti Gipuzkoako Foru Aldundiko Erakunde Publikoen zuzendariari.