Ostadar SKTren areto-futboleko hiru talde federatuek lagunartekoak dituzte asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 18a

Ostadarrek hiru talde federatu edukiko ditu 2015-2016 denboraldian. 3. Nazionalean ariko den Ostadar Antonio Aroztegia, iaz Gipuzkoako 2. mailara igo zen Cecilia Fruta Denda Kebab Lasarte Ostadar eta jubenil mailan ariko den Lasarte Kafe Bar Ostadar.

Azken horiek triangular bat jokatuko dute asteburuan, Aldapeta Ikastola eta Zarautzen aurka. Marianistas ikastolan jokatuko dute, 10:00etan. Cecilia Fruta Dendakoak Beran ariko dira Guretxokoren aurka ostiralean, 21:00etan. Azkenik, Antonio Aroztegiak Idiazabal taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Idiazabalen bertan, larunbatean 16:00etan.  

Talde berria jubenil mailan

Ostadar Antonio Aroztegia eta Cecilia fruta denda Kebab Lasarte Ostadar taldeez gain zaleek beste baten urratsak ere jarraituko dituzte aurten: jubenil mailako Lasarte Kafe Bar-enak. 16 jokalarik osatzen dute taldea; Mikel Escribano eta Imanol Azkue dira entrenatzaileak. 

Lehengo astean bi partidu jokatu zituzten jubenilek, Goierri 'A' eta 'B'-ren aurka hain zuzen. 6-2 eta 4-1eko emaitzekin galdu zituzten, hurrenez hurren. "Emaitzak positiboak izan dira, kontutan hartuta taldearen lehenengo norgehiagokak zirela. Gainera, Goierri taldea jubenilen nazional mailan zegoen lehenengo urtean". Arduradunek azpimarratu dute futbol 11-tik datozela jokalari gehienak: "Jende askok uste du antzeko kirolak direla, baina ezaugarri gutxi dituzte amankomunean. Taldekideak elkar ezagutzen ari dira eta aurtengo denboraldiko helburua hori da, lehiatu bitartean jokalarien formakuntza sustatzea". 

"Senior mailan dauden bi taldeetako jokalariak bikain aritu ziren joan den denboraldian, baina beteranoak dira. Kirol-proiektuaren jarraipena bermatze aldera, epe motz-ertain batean plantillen batez besteko adina jaistea ezinbestekoa da. Hori egiteko modu onena harrobiko taldeak sortzea da, eta horregatik atera dugu aurten Lasarte Kafe Bar taldea jubenil mailan", azaldu dute.