Gona, atorra, txalekoa, gerruntzea, pololoak, zapiak, kaikua... emakume edo gizonen euskal jantzi tradizionalak hainbat pieza ditu eta eskualdearen arabera aldaera ezberdinak izan ditzakete. Ttakun Kultur Elkarteak pieza hauek guztiak egiten ikasteko aukera eskaintzen du urria eta azaroan Emakumeen Zentroan antolatuko diren euskal jantzi tradizionalen ikastaroei esker.
Saioak
Ione Artola jostunaren laguntzaz neurriak hartu, oihalak moztu edo puntadak nola eman, pauso ezberdinak ikasiko dituzte interesatuek norberaren edo familia kideen euskal jantzi tradizionala osatzeko.
Bi ikastaro antolatu dira, bata urrian eta bestea azaroan. Saioak astearte eta ostegun guztietan, arratsaldeko 15:00etatik 17:00etara izango dira Emakumeen zentroan.
Bertan baliabide teknikoak izango dira, hau da, joste makinak eskura izango dituzte ikasleek.
Izena ematea
Jantzi tradizionala egiteko irrika eta gogoa dutenek, Ttakun Kultur Elkartean edo 943 371 448 telefono zenbakian eman behar dute izena.
Ikastaroen balioa 22 eurotako da Ttakunen bazkideen-tzat; bazkide ez direnek, 25 euro ordaindu behar dituzte. Ordainketa izena emateko egunean bertan egingo da.
Antolatzaileek gogorarazi nahi dute prezioan ez dela materialik sartzen, hau da, egin nahi den jantziaren ideia eta materiala bakoitzak eraman behar dituela.
Plaza mugatuak izango dira, 15 pertsona gehienez.
Gauzak honela, Ttakun Kultur Elkarteko arduradunek lagun berriak ezagutu eta gainera, hau guztia euskaraz egiteko aukera eskaintzen duen ikastaro honetan parte hartzeko aukera luzatu nahi diete herritarrei, bai emakume, baita gizonei ere.